OA galarazten digun izurritearen kontuan, kontraesanez beteriko gizartea da geurea. Eskolara bueltatzearen kontra azaldu ziren batzuk, adieraziz horrek izurritearen hedapena erraztu zezakeela. Beste horrenbeste eman zen aditzera lantokietara bueltatzeaz aritu ginenean. Errealitate gordina da eremu formalak direla errazenak kontrolatzeko eta izurritearen hedapena galgatzeko eta, aldiz, eremu ez-formalak, antolatu gabekoak, direla izurritearen hedatzea errazten dutenak. Orain, dantzaleku, eta kidekoen jarduna mugatzearen inguruabarrean sortu den eztabaidaren harira, ez dakit antzeko kontuez ez gabiltzan.

Dantzalekuen, diskoteken eta tabernen ordutegiak muga ditzakegu edo, nahi bada, erabat itxi. Kontua da erabaki horrek, beharbada, ustezko festak parkeetara, kaleetara edo atsedenlekuetara eraman ditzaten indartu dezakeela eta, hala, aire zabaleko eremuak bilakatuko dira izurritearen hedapen-iturri. Izan ere, asteak daramatzagu ikusten atsedenlekuak, egunez zein gauez, jendez nola betetzen ari diren eta eremu horietan osasun-agintariek emandako aholkuak nola betetzen ez diren, bereziki, herri txikietan, kontrolatzea eta arauak betearaztea are zailagoa den eremuetan. Ulertzen ditut herri batzuetako agintarien kezkak, diotenean gaueko giroa mugatu behar izanez gero, neurria orokorra izan behar duela, herri batekoak halako debekurik edota mugarik ez dagoen ondoko herrira joan ez daitezen... baina, badago beste gertakari bat gure artean jazotzen ari eta azpimarratzen ere ez dena. Gaueko giroa mugatzen bada, zein neurri hartuko den udaltzainen edota ertzainen jarraipenetik ihesi herri txikietara hurreratuko direnak kontrolatzeko? Izan ere, herri koskor eta handiek badituzte heldulekuak ezarritako arauak zelanbait betearazteko; herri txikien kasuan, ostera, bereziki, herri handiak inguruak dituztenek, ez daukate indarrik, ez eta bitartekorik ere halako egoera bati aurre egin ahal izateko. Bakarrik sentitzen dira, gara, gero eta bakarrago aldiro-aldiro gainera datozkigun arazoen aurrean! Atentzioa eman eta arduragabeak iruditzen zaizkit tokian tokiko errealitatetik ihes egin, eta besterik gabe, irizpide orokorrak proposatzen eta ezarri nahian ari direnen adierazpenak irakurtzean. Bitartekoak apenas dituzten udalen bizkar lagatzen baita horiek betetzeko eginbeharra, halakorik bideratzeko modurik ez daukatenean. Distantziatik gauzak erraz ikusten dira... are gehiago, larre motxean beste ba-tzuk ibili behar dutenean! Horrela, komeni da azpimarratzea arazoak ezin ditugula gainetik kendu, ez eta ondokoaren bizkar gainean laga ere. Denon kolaborazioa (taberna, jatetxe, diskoteka... eta erabiltzaileena), enpresa eta herri erakundeen arteko lankidetza eta ardurak partekatzea behar-beharrezkoak dira bizi dugunari aurre egin eta albait ondoen aterako bagara!