Kontua da noranahiko bilakatze hori nola egitura dezakegun geurea bezalako hiztun elkarte txiki ?hiztunen kopuruaren aldetik, diot?, erabat beregaina ez den eta, aldi berean, geografikoki barreiatuta dagoen batean. Hasteko, hiru printzipio baliatuko nituzke. Alde batetik, hedabide eta halakoez ari garenean, ez da kontu bera tokian tokiko hedabide bati edo hedadura zabalagoko beste bati buruz ari garenean. Horrela, tokiko hedabide baten kasuan, hurbileko berbaera edo hizketa-modu lehenesten saiatuko gara, hori izango delako hiztunek eskuarki erabili ohi dutena (hori bai, ortografia zaindua erabiliz). Eskualdez eta lurraldez gaindiko hedabideen kasuan, ordea, hedadurarik zabalena duten berbak lehenestea komeni da.

Beste aldetik, batasun bidean onarpenik zabalena duten hitzak erabiltzea komeni da. Are gehiago, terminologia kontuez ari garenean. Bestela, arriskua dago gure hiztun elkartea urrundu dadin, batzen ahalegindu beharrean. Azkenik, gure hiztun elkarteaz ari garenean, badakigu, Hego Euskal Herriko euskal hiztunok, gutxienez, euskaraz eta gaztelaniaz moldatzen garena eta, Ipar Euskal Herrikoak, frantsesez eta euskaraz. Ondorioz, komeni da gaztelaniatik eta frantsesetik eratorritako hitzak euskarara ekar-tzerakoan, tentuz ibiltzea. Izan ere, halakoetan suertatzen baita aukeratzen den hitz hori mugaz bi aldeetako hiztun talde baten-batentzat arrotza suertatzea, hizkuntza hegemonikotik eratorririko beste baten alde egin dezaten bultzatuz. Ondorioz, halakoetan gainerako hiztun elkarteek egiten dituzten hautuak berariaz aztertzea eta geure bidea jorratzea hil ala biziko kontua da!

Dagoeneko asmatuta dagoena ez dago zertan asmatzen ibili beharrik. Egun, badaukagu Terminologia Banku Publikoa, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, eskarmentu handiko elkarte batek, UZEIk, ezin hobeki kudeatzen duena. Badauzkagu, askotariko hiztegiak, batzuk orokorrak, bestetzuk espezializatuak; beraz, saia gaitezen horiek kontsulta-tzen, lehendik finkatuta dagoena baliatzen, alperreko eztabaida eta lerdokerietan indarrak xahutzen ibili gabe... eta berba aproposik ez daukagunean, egin dezagun bidea, ahalik adostasunik zabalenaz, arloetako adituen iritziak entzunda.

Euskararen batasunak mendeetan sakabanatzen joan den hiztun elkartea batzen joaten eta euskal sena sustatzen lagundu digu. Ondorioz, bi hizkuntza hegemonikoen albo-alboan bizirik irauteko, interesatzen zaigu norabide horretan albait urrats gehien egitea, mementoko modei eta oker asmatutako hitzei ibilbidea eman beharrean. Komeni zaigu, halaber, beste gai batzuetan sarritan aipatzen den erantzukizunaren kontu hori, guk geuk euskararen biziberritze ahaleginez ere ehuntzea. Bestela, arrisku bizia baitaukagu herrialde, udalerri, ospitale, lantegi, unibertsitate eta abar batetik bestera igarotzean, beste lurralde batera jauzi egin dugula iradokitzeko eta horrek, azkenean, iraunarazi baino, galaraziko gaitu.