Aitortu behar dut. Eskandalizatuta nago! Batzuen demagogia merkea, burugabea, herra nora iritsi daitekeen ikusi ondoren. Aztoratuta nago sindikatu ba-tzuen mezuekin, osasuna eta, ahal den neurrian, jarduera ekonomikoari eusteko batzuen ahalegina aurrez aurre jarri dituztenean eta, bidenabar, azpimarratu dutenean, batzuei, bereziki, herri-erakundeei eta enpresaburuei, langileen osasunak ardurarik ez diela eta bestelako interesak lehenetsi dituztela. Denak ez du balio bizitzen ari garen egoera honetan... Eta gauden egoeratik ateratzen garenean, harmailetan eserita dauden sindikatuak, haien pribilegioei eusten saiatuko diren berberak lehenak izango dira eran-tzukizun oro saihesten eta lau haizeetara zabaltzen enpresaburuak direla enplegua galtzearen eta lan-baldintzak eskastearen arduradunak. Ez hori bakarrik! Diru-bilketak behera eginda, zerbitzu publikoei eusteko sor daitekeen egoeraren eran-tzuleak herri-erakundeetan ari direnak izango dira eta.

Harrituta ere banago, adibidez, PSE alderdiaren Gipuzkoako buruak baieztatzen duenean, batzuk "gaizki eramaten ari direla une honetan batuta beraiek ez eramatea". Baieztapen hori gure autogobernuari egiten zaion iseka da, desleiala da, inorekin hitz egin gabe gure eskumenez era dorpean jabe-tzea da, gainera, erabakiak gauzatzeko orduan, egintza horrek, hemen, inolako balio gehiturik ekarri ez duenean. Ez hori bakarrik! Batuta horrek ez du ekarri orkestrak are hobeto funtzionatzea, besteak beste, Espainiako Gobernuak partitura irakur-tzen jakin ez duelako -oraindik ere, ez dakit jo beharreko partitura zein den ote dakien- eta, ondorioz, musikariek batera jo dezaten lortu ez duelako. Emai-tza gisa, inprobisazioa erabakietan eta horiek gauzatzeko jarririko bitartekoetan. Zentralizazioak ekarri du, besteak beste, gure osasun zerbitzuek behar zituzten hornidurak eskura di-tzaten atzeratzea eta zailtzea; konfinamendua erabaki baina horren gauzatzea atzeratzea, bide batez, izurritea ordura arte ez zegoen tokietara zabal zedin ahalbidetuz; gure ongizate sistema sostengatzen duen jarduera ekonomikoa etetea eta erabaki horren irismena zehazteko zirriborroen dantza eta egun bateko gerorapena eta abar. Ezin da ganora gutxiago erakutsi! Halako orkestra zuzendariekin, ezin da musikarik jo, ez hemen, ez eta beste inon ere!

Lehenago banuen horren susmoa. Ustez, abertzale sutsu azaltzen direnak, gainerakoak epelak -adjektiborik leunena aipatzearren- direla esaten duten berberak, zein erraz hurreratzen diren zentralismoaren magalera... Eta aldartea ere ez zaie aldatzen, Espainiako Gobernuak gure autogobernua zein erraz ezabatzen duen sala-tzen eta, aldi berean, Gobernu berberak erabaki are gehiago har ditzan eskatzen dihardutenean. Ai! Zertara iritsi behar duten PSE eta Podemosekin koalizio batera iristea amesten eta EAJ herri-erakundeetatik botatzea beste helbururik ez dutenek.