Aterako gara bai! Pertsona bakoitzak eman duena eta egin duen ekarpena bistan dugula! Batzuek zailtasunak dituztenei, adineko pertsona zein bestelakoei, laguntzeko borondatea erakusten dutela, gaixorik daudenak artatzen edo gutxieneko zerbitzuei eusten dietela eta abar. Beste batzuek, gutxi ba-tzuk egia esan, gainerakoak bost axola zaizkiela erakusten dutela, supermerkatuetan dezaketen guztia pilatzen dutela, gehien-gehienok etxean gauden bitartean, kalean daudela, azalpen ezin xelebreagoak emanda. Izan ere, izurrite honek gizatasunaren alderdirik bihozberenak eta maltzurrenak erakusten baititu, denak aldi berean... Eta gainerakoei bizkarra erakusten ari diren horiei, nolanahi bizirik atera nahi direnei komeni da gogoraraztea, noizbait, aintzat hartu ez dituztenen beharra, premia gorria izango dutela!

Gure gizartean badira batzuk etengabe hutsuneak, ezintasunak, gabeziak eta arazoak azpimarratzen ibiltzen direnak, ez irtenbideak proposatzeko, ahalegintzen ari direnei eraso egiteko baizik. Ondo babestuta, etxeko zuloan dauden horien-tzat, dena da eskas eta deitoragarri! Ez dut uste halako gertaera larri baten aurrean, kutsatua izango denaren beldur, Espainiako Kongresura hurreratzeko kapaz ez dena eta, aldi berean, hemen, herri, eskualde, herrialde eta erkidego mailan askotariko foro eta bilerak egin daitezen proposatzen dabilena, lurralde jakin batean zaborren kontua halako era negargarrian kudeatu duen berbera, gauza izango litzatekeenik eskuartean daukagun tamainako afera eraz kudeatzeko!

Eta iragarle on baten antzera, bihar-etzi gertatuko denaren jakitun direnez, jadanik ari dira gure ehun ekonomikoa erabat geldiarazteko ahaleginetan, gutxieneko zuhurtziak eskatzen badigu ere langileen segurtasun baldintzak bete ezin direnetan hartu behar dela erabaki hori. Baina, tira! Gure ongizatea eta artatzen gaituzten zerbitzuak ahalbidetzen dituen jarduera ekonomikoa, besteak beste, industriala, oinarrizkoa ez dela dioen baten aldetik zer espero dezakegu, halako tentelkeriak baino! Ezen hau igarotzean, eta egon ziur pasatuko dela, ikaragarrizko ahalegina egin beharko dugu izurriteak berarekin batera eraman dituen lanpostuak berreskuratzeko eta jarduera lehengoratzeko. Baina beldur naiz orduan ere batzuk, berdin alderdi zein sindikatu, espaloiaren beste aldean segituko dutela€