Futbolean emaitzek aginduten dabe eta sarritan emaitzek ez dabe erakusten zelaian gertatutakoa. Horixe bera jazo jako Athletici lehen itzuliko partidu askotan, zelaian aurkaria baino gehiago izan arren sari barik geratu zan-eta. Sadarren, ostera, azken emaitzak ederto islatu eban zuri-gorriek bedartzan erakutsitako nagusitasuna. Bilbotarrak aurkaria baino gehiago izan ziran eta merezimendu osoz eskuratu eben garaipena. Hiru puntuak eskuratzea da beti garrantzitsuena baina garaipena ondo jokatuta badator, balio erantsia hartzen dau.

Inoiz ez dogu jakingo Marcelino Garcia Toralek Oihan Sancet hasierako hamaikakoan zelairatzeko asmorik eukan Osasunaren aurkako partiduan ala Raul Garciaren positiboak behartuta ipini eban iruindarra hasieratik. Kontua da, Sanceten lana erabakigarria izan zala Osasunaren aurka. Hiru gol ez dira egunero sartzen eta are gitxiago lehenengo mailan. Baina hiru golak sartzeaz ganera, Athleticeko jokalari gazteak ederto konpondu zan Berenguer, Williams eta Munianegaz. Etxetik kanpo beste partidu batzuetan ez bezala, Marcelinoren gizonek ganoraz jokatu eben baloia jabetzea eskuratzen eben bakotxean. Aspaldion ez dogu Athletic hain ondo jokatzen ikusi. Ganera, Osasunak ez eban arrisku handirik sortu Unai Simonen ate aurrean, bigarren zatian batez be. Hau da, zuri-gorriak nagusi izan ziran area bietan.

Eta Sadarren ikusitakoak etorkizunera begira itxaropen-tsu egoteko arrazoiak emoten deuskuz. Liga txapelketako hamazortzi jardunaldi geratzen dira jokatzeko eta Europarako postuak hiru puntura daukaz talde zuri-gorriak. Ate guztiak zabalik ditue Marcelinoren gizonek. Horretarako, baina, erregulartasuna erakutsi behar dau, hainbeste gora behera barik. Ganera, Berchiche, Vivian eta Villalibre berreskuratuko ditu laster entrenatzaileak. Eta bide horretako lehen oztopoa bihar bertan aurkituko dabe zuri-gorriek Jaenen. Distira bako norgehiagokan, ezin dabe huts egin Granada kanporatu dauen taldearen kontrako partiduan.

Beti izan naz VAR dalakoaren aldekoa, futbolean guzur eta engainu asko dagozalako. Sadarren gertatutakoa ikusita, ostera, ez dakit zertarako balio dauen. Ez daukat argi errua norena izan zan, Ortiz Arias arbitroarena ala bideo gelan egoan Medie Jimenezena baina onartuezina da txartel gorria ez ataratzea Chimy Avilari, balio barik iztea Williamsen gola edota penalti ez adieraztea Osasunako atzelari batek besoagaz urrundu ebanean area barruan Muniainen jaurtiketa bat. Hiru jokaladi horreek berrikusi be ez ebezan egin. Zertarako dago VAR?.