Sarritan komentau dogu partidu bateko azken emaitzak nabarmen baldintzatzen dauela ondoko balorazinoa eta Betisi irabazi osteko poza izugarria izan bada be, partiduaren azken laurenera arte norgehiagokak ez eukan bape itxura onik etxeko taldearentzat. Besteak beste, Betis nagusi zalako bedartzan eta egia esateko aurkariaren hirugarren gola hurrago ikusten gendualako zuri-gorrien bardinketarena baino. Athletic ikututa egoan, grogi dagoan boxealariaren antzera. Unerik latzenean, baina, Marcelinoren gizonek indarrak atara ebezan partidua iraultzeko, San Mamesen batu ziran zaleen berotasunaren laguntzeagaz. Eta behingoz, zuri-gorrien ekinak ondo merezidutako saria jaso eban. Inork ez eban gidori hoberik idatziko.

Behin baino gehiagotan esan dogu entrenatzaileak egindako aldaketek ez deutsela ezer onik emon taldeari. Betisen aurka, ostera, Marcelino Garcia Toralek egindako aldaketak erabakigarriak izan ziran. Fekirrek Betisen bigarren gola sartu eta hiru minutura zelairatu ebazan Oscar de Marcos eta Oier Zarraga. Hamahiru minutu beranduago Oihan Sancet eta Berenguer sartu ebazan. Taldea berbiztu egin zan. Itxuraldaketa nabarmena izan eban etxeko taldeak eta menperatuta izatetik aurkaria menderatzera pasau zan. Eta partidu askotan aurka izan eban suerteak be lagundu egin eutson talde zuri-gorriari.

Arestian esan doten lez, eta entrenatzaileak autortu dauen lez, Athleticek ez eban partidu handia jokatu, defentsa arloan batez be. Bigarren zatian zelairatu ziran lau jokalariek hasierako hamaikakoan lekua merezi dabela erakutsi eutsoen entrenatzaileari. Oihan Sancetek biztu egin eban erasoko jokoa makal ibili zan Raul Garciaren ordez zelairatu zanean. Nafar gazteak lekua merezidu dau hasierako hamaikakoan. Bestalde, aspaldiko Berenguer onena ikusi genduan Betisen aurka. Nico Williamsen aldeko apostua egin dau entrenatzaileak azken partiduetan, eta erasoan gauza politak egin arren asko hobetu behar dau defentsa lanetan. Betisek min handia egin eutson Athletici ezker hegaletik Lekue be ez zalako fin ibili. Eta esan beharrik ez dago, Oier Zarragak aberastu egiten dauela erasoko jokoa erdialdean jokatzen dauenean.

Kontuak kontu, baikor egoteko arrazoiak daukaguz: ekipoak amaierea emon deutso bolada txarrari, Williams golak sartzen hasi da barriro eta Europa Leaguerako postuak bost puntura dagoz, lehen itzulia amaitu barik dagoanean. Gure baikortasunak beste azterketa gatx bat gainditu behar dau bihar San Mamesen.

Ezin amaitu Koldo Asua gogoratu barik. Lezaman lan handia egindako gizona. Goian bego.