Athleticek hasiera bikaina emon eutson denboraldiari seigarren jardunaldian Rayo Vallecanoren aurkako porrota etorri zan arte. Istriputzat jo genduan, hurrengo bost jardunaldietan taldeak ez ebalako galdu, garaipen bi eta hiru bardinketa eskuratuta. Hurrengo jardunaldian, baina, zuri-gorriek huts egin eben barriro San Mamesen, Cadizen aurka hain zuzen. Marcelino oso kritiko agertu zan bere jokalarien errendimenduagaz eta argi esan eban Athleticek ezin dauzela galdu horrelako partiduak San Mamesen. Ordurako, taldearen inguruko zalantzak gero eta handiagoak ziran eta hurrengo partidu bietan -Levante eta Granada- gertatutakoak kreditu barik laga dauz Muniain eta enparauak.

Athletic ondo ebilenean Marcelinok esaten eban itxaron egin behar zala partidu sorta bat jokatu arte taldea erregularra zanentz jakiteko. Hamalau jardunaldi jokatuta, zuri-gorriak lau bider bakarrik izan dira gauza garaipena eskuratzeko. Beste hamar partiduetatik, zortzi bardinketeagaz amaitu dira eta bitan bakarrik galdu dau Athleticek, Rayo Vallecano eta Cadizen aurka, biak San Mamesen. Datu honeetatik ondorioztatu daiteke, Marcelinoren taldea aurkari gatxa dala edozein talderentzat. Baina horren ganetik, argi eta garbi geratu da zuri-gorriek arazo itzelak daukiezala erasoan. Horregaz batera, liga hasieran erakutsitako erregulartasunetik urruntzen dabilz.

Marcelinok aldaketa bi egin ebazan hamaikakoan -Sancet eta Nico Williams, Berenguer eta Iñaki Williamsen ordez- taldearen erasoko produkzinoa hobetu gurean. Levanteren aurkako partiduaren ostean entrenatzaileak esan eban partiduak irabazteko zeozer gehiago egin behar dala erasoan eta exijentzi maila altuagoa izan behar dala. Zelai erdia, ostera, ez eban ikutu eta Dani Garcia eta Vencedor titular izan ziran barriro be. Nire uste apalean, erdialde horren ekarpen makaletik dator taldearen ezintasuna erasoan. Sorkuntza jokoa indartzeko, gitxienez beste ezaugarri batzuk dituen jokalari bat zelairatu behar da leku horretan. Eta plantilara begiratuta, Oier Zarraga litzateke jokalaririk egokiena Athleticen erasoko jokoari beste bizitasun bat emoteko. Zeozer egin behar da lerro klabe horretan, Dani Gacia-Vencedor bikotearen errendimendua eskasa da-eta.

Beste alde batetik, zuri-gorriek aurreko denboraldiko aurkariekiko eskuzabaltasuna berreskuratu dabe. Granadak sartutako gol bietan, Marcelinoren gizonak negargarri aritu ziran defentsan. Dani Garcia eta Lekue lehen golean eta Muniain bigarrenean. Eta eskerrak Iñigo Martinezi, bestela benetako bariku baltza izango zan-eta.