Zer edo zer aldatzeko erabagia hartzen danean, hoberantz egiteko asmoagaz egiten da. Athleticen entrenatzaile barria ekarri dabe -bera eta beste sei laguntzaile- eta hondino ez dago argi zergaitik. Sailkapenari begiratuta, taldearen egoera ez zan larria. Beraz, pentsa lei Garitanoren zuzendaritzapean taldeak erakutsitako jokoa makala izan dalako hartu dabela erabagia. Hirugarren aukera bat be badago: bazkide eta zaleek sare sozialetan eta abenduaren 27ko batzarrean erakutsitako hasarreagaitik.

Marcelino Garcia Toral izan da aukeratua. Egia esateko, urrian, Cadiz eta Alavesen aurka galdu ostean, entrenatzailea aldatzeko aukerea indarra hartzen hasi zanetik, Marcelinoren hautagaitza besterik ez dogu en-tzun San Mamesko aulkirako. Athleticek ez dauka mugarik entrenatzailea fitxatzeko orduan, baina, gertatutakoa ikusita, pentsa lei entrenatzaile bakarra egoala merkatuan, mundu osoan, Bilbora etorteko prest. Argi eta garbi esan behar dot Marcelino ez dala nire gustukoa eta uste dot, Athletic zale gehienena bez. Era berean, autortu behar dot ez daukadala oinarri sendorik dinodana esateko. Ez daukat feeling onik beragaz eta kittu.

Ezin esan Marcelino Garcia Toral entrenatzaile txarra danik. Hortxe dagoz, Vila-real edota Valentzian egindako denporaldi onak. Horren aurretik, baina, Sevillan ez eban denboraldia amaitzerik izan kendu egin ebelako kargutik. Zorterik onena opa deutsat entrenatzaile asturiarrari. Ikusteko dago zer emon leikion Marcelinok Athleticen jokoari.

Beste alde batetik, Athleticen informazinoa emotea euskerazko komunikabide baten ez da bape erreza, gure hizkuntzea erabilten dabenen zerrendea gero eta urriagoa dalako. Alde horretatik, Gaizka Garitanok Athletic iztea ez da bape albiste ona guretzat. Gustagarria zan derioztarra gure itaunei eran-tzuten entzutea. Zoritxarrez, ez dakigu zenbat urte itxaron beharko dogun barriro euskal hiztun bat izan arte San Mamesko aulkian. Eta neure buruari egiten deutsadan itaun bat luzatuko deutsuet. Zer da hobeto guretzat, euskeraz oso txarto egitea ala ez egitea? Athleticen, batzuk ez dabe euskeraz egiten ausardia falta jakelako, euskeraz berba egiten jakin arren. Besteren batek euskeraz erantzuten dau, geure hizkuntzeari sekulako ostikadak emon arren. Euskereak errespetua merezi dauela uste dot.

Beste alde batetik, zorterik onena Iraia Iturregiri emakumezkoen lehen taldean.