Brankaganetik kikuke

Biribildu daigun denboraldia

14.07.2020 | 00:11
Biribildu daigun denboraldia

"Azken txanpea oso erakargarri dator eta itxaron daigun Athleticek olatu ganean amaitzea estropadea"

la hamaika hilabete igaro dira liga txapelketea hasi zanetik eta lehiaketea amaitzeko bost egun eta partidu bi bakarrik falta diranean Athletic bizirik dago Europarako sailkatzeko lehian. Ez da gitxi, bizi behar izan doguzanak igaro ostean. Hamar jardunaldi irabazi barik egon ondoren inork ez eban txakur txikirik be emoten Garitanoren taldearen aurka baina oztopoak oztopo, zurigorriek ez dabe inoiz amore emon eta urrats bi baino ez jakez falta datorren denboraldian Europan jokatzeko. Real Madrid eta Sevillaren aurkako porroten ostean emoten eban sailkapeneko zazpigarren postua behin betirako urrundu zala zuri-gorrientzat. Aurkariek, baina, ez eben zuri-gorriak baztertuta izteko aukerea baliatu eta Garitanoren kuadrila indarbarrituta heldu da lehiaketearen azken txanpara. Lerro honek idazteko orduan ez neukan Vila-real-Reala eta Granada-Real Madrid partiduetako emaitzen barri. Izan be, Europarako sailkapenak bide bakarra dauka: Leganes eta Granadaren aurkako partiduak irabaztea. Honaino helduta, biribildu daigun denboraldia.

Danok irrikan gagoz 2019-20 denboraldia noiz amaituko. Egia esateko, gauza gehiegi jazo dira joan zan urteko abuztuaren 16an Athleticek Bartzelona menderatu ebanetik liga txapelketako lehen partidu gogoangarrian. Esan beharrik ez dago Covid 19 izeneko mamarro madarikatu horrek eragindako osasun krisialdiak goitik behera aldatu dauela gure eguneroko bizitzea eta futbol lehiaketea be bai. Nahi ta nahi ez, liga txapelketearen azken zatia estadioetan zale barik jokatu behar izateak -telebistak ordaindutako dirutzea ez galtzeko- baldintzatu egin ditu partiduak. Sevilla edota Real Madridentzat ez da bardin San Mamesen ateak itxita jokatzea ala berrogeta hamar mila Athletic zaleren presinopean aritzea. Edozelan be, Garitanoren taldeak ez dau inoiz amore emon. Une gogorrenetan bez. Hobetotxuago edo txartxuago jokatuta be, Athleticek ez dau erredikulurik egin inon. Ez dau iparra galdu. Ondorioz, Kopa txapelketako finalerako sailkatu da eta Europan jokatu leike datorren denboraldian. Ezin da gehiago eskatu.

Levanteren aurka jokatutako partiduak ez dau komentario handirik merezi. Athleticek irabazi egin behar eban Europarako sailkatzeko aukerak bizirik mantentzeko eta nahiko eroso eskuratu eban garaipena, Raul Garciak erakutsitako eraginkortasun bikainari esker batez be. Laugarren minuturako markagailuan aurretik jarri izanak konfiantza handia emon eutson taldeari eta lehen zatiaren ondarrean Raul Garciak sartutako bigarren golak indarbakotu egin eban partidu hasieratik gogo handiegirik erakutsi ez eban aurkaria.

Levanteren zelaian irabazita, Leganes eta Granada menderatu behar dabez. Ez dira partidu errezak izango. Javier Agirreren taldea berbiztu egin da Eibarren bardindu eta Valentziari irabazita. Lehen maileari eustea izango dabe jokoan Unai Bustinzak eta enparauek datorren egueneko partiduan. Gaizka Garitanok ezingo dau zelairatu Iñigo Martinez, partidu bateko zigorra bete behar dauelako. Hutsune handia ondarrutarrak itxiko dauena. Ikusteko dago zelan beteko dauen Garitanok. Leitekeena da Dani Vivian gazteak jokatzea Unai Nuñezen alboan, hegaletan De Marcos eta Balentziaga dirala. Zelai erdirako, Dani Garcia itzuliko da partidu bateko zigorra bete ostean. Aurrera begira, Raul, Williamsek eta Muniainek bai ala bai jokatuko dabe eta ikusteko dago nork osatuko dauen erasorako laukotea. Azken txanpea oso erakargarri dator eta itxaron daigun Athleticek olatu ganean amaitzea estropadea.