THLETIC bizirik dago Europarako sailkatzeko lehian. Zuri-gorrientzat ezinbestekoa zan hiru puntuak eskuratzea Betisen aurkako norgehiagokan eta ez eben huts egin, nahi eta behar baino gehiago sufridu arren. Sailkapeneko zazpigarren postua ezeze, seigarrena be bost puntura dauka Garitanoren taldeak. Hori bai, gero eta jardunaldi gitxiago geratzen dira ligea amaitzeko. Edozelan be, Betisen aurka lortutako garaipenak arnasea emon deutso Athletici, denboraldiko partidurik gatxenaren atarian. Gaizka Garitanok, lehen hiru jardunaldietan egin ez dituen aldaketak egin beharko ditu gaur Nou Campen, jokalari batzuk errementauta dagozalako sei egunetan hiru partidu jokatu ostean. Beste alde batetik, eta berrogeita bi puntu lortu ostean, harrotasunez esan geinke Athleticek lehen mailan jokatuko dauela beste urte betez.

Garitanoren taldea bolada onean dago eta hamar jardunalditan garaipenik eskuratu barik egon ostean, bost partidu kateatu ditu galdu barik, hiru irabazita eta bi bardinduta. Dana dala, hainbeste astetan irabazi barik egon izanak asko urrundu dau talde zuri-gorria Europarako postuetatik eta gainkarga horregaz ekin deutso ligearen azken txanpeari. Hau da, Athleticek aurkariek baino dexente puntu gehiago lortu behar dauz datorren denboraldian Europan jokatu gura badau. Gauzak holan, zuri-gorriek irabazi beharra eukien Betisen aurka, bai ala bai, Europako Ligatik urruntzen ez hasteko. Eta ondo merezita eskuratu eben garaipena Gaizka Garitanoren gizonek, aurkaria baino gehiago izan ziran-eta. Hori bai, talde honeri ikaragarri kostetan jako partiduak erabagita iztea eta Betisen aurka be nahi eta behar baino gehiago sufridu eben.

Athleticek hiru partidu jokatu dauz sei egunetan eta laugarrena jokatuko dau bederatzigarren egunean. Kontua da, beste zazpi jokatu beharko dituela datozen hiru asteetan, garagarrilaren 19ra arte hain zuzen be. Partiduetarako deialdiak hogeta hiru gizonekoak izan eta bost aldaketa egiteko aukerea izan arren, Gaizka Garitanok ia gizon bardinak erabili ditu Atletico, Eibar eta Betisen aurka jokatutako norgehiagoketan. Raul Garciak, Muniainek edota Dani Garciak edo Berchichek ezingo deutsoe erritmo horri eutsi, ezinezkoa da-eta. Horregaz batera, lesinoak izateko arriskua biderkatu egiten da horrelako lan kargea izanda. Entrenatzaileak egiten dauena ikusita, pentsa lei konfiantza gitxi daukala ordezkoen aulkian dituen jokalariengan. Ez da ahaztu behar gauza bera egin ebala taldeak ligako eta kopako partiduak tartekatu ebazanean. Kopan gauzak ondo joan ziran baina Ligan hamar jardunaldi egin ebazan garaipenik lortu barik. Villalibre, Lekue, De Marcos, Larrazabal eta enparauen ekarpena handiagoa izan behar da.

Denboraldiko partidurik gatxena jokatuko dau gaur Athleticek Bartzelonaren aurka Nou Campen. Azken denboraldietako emaitzak ikusita, garbi dago ez dala zelai aproposa zuri-gorrientzat. Azken garaipena 2001ean lortu eben Jupp Heynckes aulkian zela. Ordutik eta hona jokatutako hamazazpi partiduetan, Athletic galtzaile izan da hamalautan eta bardindu egin dau beste hiruretan. Garitanok, ostera, beste estatistika bat dauka buruan: Bartzelonaren aurka jokatu dabezan azken hiru partiduetan, zuri-gorriak irabazle izan dira bitan. Entrenatzaileak plan bat dauka gaurko partidurako. Itxaron daigun plan horrek ondo urtetea.