GAIZKA Garitanoren taldeak hasiera bikaina emon deutso 2019-20 denboraldiari. Bost jardunaldi jokatuta, sailkapeneko lehen postuan dago hiru partidu irabazi eta bi bardindu ostean. Zuri-gorriek gol bakarra jaso dabe bost partidutan eta San Mamesetik igaro diran hiru taldeak -Bartzelona, Reala eta Alaves- ez dira Unai Simonen atea zulatzeko gauza izan. San Mames gaztelugatx bilakatu dabe lehoiek. Entrenatzaileak azpimarratu dauen legez, baina, liga txapelketea hasi baino ez da egin eta ez gara zoratzen hasi behar taldea sailkapeneko lehen postuan dagoalako. Edozelan be, lehiaketaren hasierak markau egiten dau talde baten ondorengo dinamikea. Ganera, zenbakiak alde batera itzita, Garitanoren taldeak sentsazino onak igortzen ditu, etxeko partiduetan batez be. Zer edo zer hobetzekotan, etxetik kanpo egin behar dau talde zuri-gorriak. Ez dakigu zer gertatutako dan etorkizunean baina goizeko hamarretan ontzi barruan dagoan atuna, gaueko hamarretan be barruan dago.

Athleticeko entrenatzaileak ondo baino hobeto ekian Alavesen aurkako partiduak ez ebala zer ikusirik izango Bartzelonaren eta Realaren aurka jokatutakoekaz. Asier Garitanoren taldeak hasieratik emon eutson baloiaren jabetzea talde zuri-gorriari eta atzean itxaron eutson lerro guztiak ondo batuta. Athleticek frontoi baten aurka jokatu eban ia lehen zati osoan, Unai Simon aspertzen ari zan bitartean. Garitanorenak ekin eta ekin ibili ziran babazorroen aramu sarean zirrikituren bat aurkitu gurean eta lehen zatia amai-tzear egoala lortu zuten. Gil Manzanok errepikapena telebistaz ikusi ostean adierazo eban Williamsi egindako penalti garbia. VAR dalakoak gauza asko daukaz hobetzeko baina nire uste apalean mesede handia egiten deutso futbolari.

Raul Garciaren golak goitik behera aldatu eban norgehiagokea. Alavesek urrats bat emon eban aurrerantz bardinketaren golaren bila baina ez eban arriskurik sortu Unai Simonen ate aurrean. Athletic gehiago izan zan lehenengo zatian aurkaria atzean sartuta aritu zenean eta bigarrengoan be nagusi izan zan, bere atea sendo jagoteaz gain beste gol bat sartzeko gauza izan zan-eta. Kontuak kontu, partidu serioa eginda eta atzealdeko sendotasunean oinarrituta eskuratu eban garaipena Gaizka Garitanoren taldeak.

Merito handia emon behar jako Athletic egiten dabilenari. Lehen mailako beste edozein partiduko aurkari bien hamaikakoak ikusita, uda honetan egindako hainbat fitxaketa agertzen dira. Gaizka Garitanok, ostera, aurreko urteko jokalariekaz ekin deutso denboraldi barriari. Bilbao Athleticetik igotako Gaizka Larrazabal zan fitxaketa bakarra Alavesen aurkako deialdian. Beti esaten doten lez, Gaizka Garitanok oso argi ditu ideiak eta bete betean asmatu dau erizpide horreek jokalariei transmititzeko orduan. Jokalari bakotxak ondo baino hobeto daki zer egin behar dauen zelaian eta sinistu egiten dau bere buruan. Emaitzek be lagundu egiten dabela kontutan izanda, Athletic olatuaren aparrean dabilela esan geinke liga hasiera honetan. Aparraren ostean olatuen arteko zuloa etorten da eta Athleticek azterketa gatxa dauka bihar Leganesen. Zuri-gorriak ez ziran oso fin ibili Mallorcaren zelaian eta ea San Mamesen erakusten daben nagusitasuna agertzen badabe bihar Butarquen.