Hiru partidu eroaiazan Athleticek erreskadan irabazita eta ezin izan dau laugarrena kateatu bolada positiboari amaierea emonaz. Zuri-gorriek ondo baino hobeto ekien zer aurkituko eben Getaferen zelaian baina ez ziran punturik eskuratzeko gauza izan etxeko taldea nagusitu egin jakelako, bigarren zatian batez be. Coliseum Alfonso Perezen lehiatu ziran talde biek ikuskizun aspergarria eskeini eben eta aurkariaren jokoa desegiteko ahaleginean izerdi asko bota arren, ez batak ez besteak ez eban meritorik egin garaipena eskuratzeko. Azkenean Bordalasen taldeak irabazi ebazan hiru puntuak aurkariaren ate aurrean zuri-gorriek baino eraginkortasun handiagoa erakutsi ebalako. Kontuak kontu, Athleticek aukera ederra galdu eban sailkapenean gorantz egiten jarraitzeko. Halandabe, zazpi jardunaldiren faltan Garitanoren taldeak bizirik daukaz Europarako sailkatzeko aukerak. Eta ez daigun ahaztu, datorren denboraldian be Athleticek lehen mailan jokatuko dauela.

Talde bat sailkapeneko zuloan dagoanean lehen maileari eusteko borrokan, esan beharrik ez dago irabaztea dala konturik garrantzitsuena, ondo jokatzearena bigarren maila batean lagata. Athletic jaisteko postuetan egoan Gaizka Garitanok taldearen ardurea hartu ebanean eta Derioko entrenatzaileak hondoratzeko arriskutik atara eta sailkapeneko goialdera eroan dau. 43 puntu eskuratu eta lehen maileari eusteko helburua bete ondoren, Europara begira jarri dira zuri-gorriak. Espainiako Ligako laugarren sailkatua eta zortzigarrena izan ziran aurrez aurre Alfonso Perez estadioan baina bertan ikusitakoa aztertuta, inork ez eban esango talde bi horreek Europarako sailkatzeko lehian ziranik. Bordalasen taldeak oso garbi ditu bere jokoaren oinarriak. Aurkaria deseroso senti-tzea da lehen helburua. Horretarako, falta ugari egiten dabez eta jokoa sarri eten. Ondorioz, aurkaria ez da gauza hiru-lau pase jarraian egiteko. Hortik aurrera, aurkariaren edozein hutsegite baliatzen dabe gola sartzeko. Horrela dago Getafe dagoan lekuan, sailkapeneko laugarren postuan, Txapeldunen Ligea jokatzeko aukerea emoten dauen lekuan. Athleticek baekian zer aurkituko eban Getafen eta aurkariak bezala jokatzeari ekin eutson. Baina joko horretara Getafe hobea da. Iñigo Cordobak lehen zatian euki eban aukera garbia kenduta, zuri-gorriek ez eben arriskurik sortu aurkariaren ate aurrean. Hori gitxi balitz, bigarren zatian Getafek hiru aurrelari zelairatu zituanean Garitanoren taldeak ezin izan eban bere atea hutsean mantendu. Getafek zelan jokatuko dauen jakinda ez dago beste era batera jokatzerik partidua irabazteko? Derrigorrez jokatu behar da Getaferen jokora? Emon leikeana baino gehiago eskatzen deutsogu taldeari? Kontuak kontu, Angelek sartutako golak puntu bat bakarrik kendu eutson Athletici, zuri-gorriek ez eben ezer egin-eta garaipena eskuratzeko.

Getafen galdu arren, Athleticek sailkapeneko zortzigarren postuan segiduten dau, Europako postuetatik hiru puntura eta 43 puntu eukiteak emoten dauen lasaitasunagaz.

Getaferen aurka galdu izanaren garratza Danel Elezkanok eskuz binakako txapelketako finalean lortutako garaipenak gozotu eban. Zaratamoko aurrelariak eta Beñat Rezustak ondo mereziduta eskuratu ebezan txapelak. Giro bikaina egon zan Bizkaia frontoian eta final ederra ikusteko aukerea euki genduan.