PABLO Casado aukeratu berriarekin batera osatu da, nire ustez behintzat, hirutasun politiko kloniko berria; hirutasunaren beste bi pertsona jainkozkoak Albert Rivera eta Pedro Sánchez presidentea dira, jakina. Aspaldidanik ez da egon Espainiako Erresumako mundu politikoan horiek bezalako buruzagi trukagarriak; itxuraz ari naiz, zer esanik ez, ezaguna baita gaur egun itxurak izaerak baino garrantzi handiago duela politika kontuetan (eta beste kontu askotan). Abertzale baten bat haserretuko zait beharbada Espainiaz ari naizelako, Euskal Herriaren izaera nazionala ahantzirik; delako abertzale horrek Euskal Herrian dugun errepublika bakarra, frantsesa alegia, kontuan har dezake nire tesirako Macron presidentea laugarren klona izan daitekeelako. Casado, Rivera, Sánchez eta Macron, beraz. Igoal-igoalak dira.

Hirurak (edo laurak) gizonezkoak dira (emakumeak hurrengorako edo), gutxi gorabehera gazteak (30-40 urte), orrazkera antzekoa (konbentzionala, ez motz, ez luze), gorpuzkera ere antzekoa (osasuntsu argal) eta betiko janzkera (noizbehinka gorbata alde batera uzten dute), alkandorako lepokoak direla-eta tesi pare bat, gutxienez, idatz baidaiteke ere.

Hirurak (edo laurak) etorri dira politika berritzera, hala kontatzen digute behintzat: Macron aurreko gobernu batean egon bazen ere, alderdi berriarekin etorri zen, forma berriekin, politikari berria zen; Rivera ere alderdi berriarekin dator, bipartidismoa apurtzera; Sánchez alderdi zaharrekoa izan arren, krtikoa zen, jende xehearen ordezkari berria; Casado, azkenik, aukera gehiago zutenen kontra altxatu den gaztea da. Berri, berri-tzaile, eraberritze: hitz horiek guztiak erabiltzen dira. Berriaren inguruan behin eta berriz bueltak ematea susmagarria da, eta gazte (gutxi gorabehera gazte) izateak ez du ezer esan nahi. Gaztea nintzenean gorrotatzen nituen gaztediari buruzko orokorkeriak: nire ondoko gazte asko izugarrizko zahar ziren, nire irudiko.

Aurpegi ustez (ustez) atseginekin engainatu nahi gaituzte, engainatuko gaituzte. Batek huts egiten badu, beste bat jarriko dute, biltegian klon gehiago dago.