eGUNKARI bateko barneko orrialdeetara zokoratuko zuten editoreek, izan ere, aste honetan, 14an hain zuzen, 74 lagun hil eta 91 zauritu zituzten Irak hegoaldean atentatu suizida batean. 74, 91. Irak. Urruti, oso urruti. Eta, gainera, bestelakoak dira. Ez galdetu nolakoak, baina bestelakoak.
ISIS-en orbitako erakundeek eragindako atentatu gehienak Siria, Irak, Afganistan, Pakistan eta Nigerian izan direla jakina da. Eta hildako gehienak ere bertakoak. Eta, orduan zergatik ez dira egunkarietako azalak berri horrekin bete? Zergatik ez gara kalera atera? Zergatik ez dituzte instituzioek, gobernuetatik hasi eta azken udaleraino, isiluneak eta manifestazioak antolatu? Lehengo mailako atentatu eta hildakoak daudelakoz, eta bigarrengokoak eta hirugarren erregionalekoak.
Lehengo ondorioa begibistakoa da, humanismoa, humanoak garen neurrian denok balore, eskubide eta ezaugarri berak partekatzen ditugula aldarrikatzen duen ideología demokratiko, ironiaz diot, hedatu eta unibertsal hori hanka motz gelditzen da, gezurrezkoa dela ez esatearren, ez bada denontzat eta berdina, ez baita humanismo baizik eta beste zerbait.
Oka ematen du ikustea agintariak Bartzelonako atentatuaren ondoren aldarrikapen hanpatu eta handios horiek egiten Zibilizazio Demokratikoaren alde humanismo unibertsalaren izenean. Humanismo hori ere Mendebaldeak sortua da, eta ikuspegi mendebaldarra erakusten du, zuria, segur aski, klase ertainekoa, eta esatera ausartzen ez naizen beste betiko balore batzuekikoa. Humanismo horren izenean abiatu ziren Bush, Aznar eta Blair Irakera armen bila.
Ez da Zibilizazio guztiak interpelatuko dituen balore unibertsalik gelditzen, eta, behartzen banauzue, Mendebaldeko balore horiek dira, ezagutzen ditugunetatik behintzat, gizakion bizitza egokien berma dezaketenak, baina, beste kulturei, ssiarra, musulmana, afrikarra, ezarri zaizkien neurrian agerian utzi beharko lirateke zein diren oinarriak, eta beste humanismo bat sortzen saiatu. Daukagun hau martingala baino ez da.