ASTE honetan aspaldian en-tzuten ez nuen hitz bat birritan entzun dut: filibustero. Gaztetan, Atxartera joaten ginen eskalatzera, eta Labargorri hormetan Filibusteros izeneko bideari ekiten genion goiko parajeetara heltzeko asmoarekin. Eskalada-bide ederra da.
Ez naiz gogoratzen beste inoiz entzun ote dudan, baina zer diren gauzak, aste honetan birritan heldu da hitz hori nire belarrietara. Bere benetako esanahia argitzekotan hiztegietara jo dut eta hona hemen zer aurkitu dudan. Bat, filibusteroak itsaslapurrak dira, bereziki XVII. mendean Antilletako itsasoan espainiar kolonietako itsasontziei erasotzen zietenak, inoren zerbitzutan gabe beren kabuz eta onurarako aritzen zirenak. Sinonimoa bidelapurra izan daiteke (gaztelaniaz bandido erabiltzen da). Eta bi, bilkura politikoetan parlamentuko akordioak berariaz eragozteko, oztopatzeko, zailtzeko eta traba egiteko erabiltzen den taktika. Sinonimo gisa, obstruccionismo erabiltzen da gaztelaniaz.
Diodanez, filibustero elea bi aldiz ikusi dut egunotan, batean Kataluniako Erreferendumaren Legea eragozteko ahaleginetan ibili ziren betiko eraso-tzaileak eta nahasleak ondo deskribatu zituen Berriako kronika batean, eta egun berean, El Pais egunkarian Noble filibusterismo izeneko zutabea batean. Lehenengoa irakurri ondoren jabetu nintzen hitzaren benetako nondik norakoaz. Bigarrenarekin ostera, harritu egin nintzen, tituluak berak atentzioa deitu baitzidan. Posible ote da? Filibusterismo noblea? Ez ote da esaldi hori oximoron bat? Bandidoek egiten zutena, eta politikan herritarren eskubide demokratikoa bermatzeko adostu nahi den legearen kontra (lotsagarriki zirrikitu legal guztiak muturreraino eramanez) betikoen moduan jardutea ekintza noblea izan ahal da?
Desafioa, ilegaltasuna, demokrazia- kolpea, burla, separatismoa eta horiek bezalako terminoak erabiltzen dituzte pertsona noble horiek herriak merezi dituen oinarrizko eskubideak legalki babesten dituztenen kontra.