Ikasleak, egunotan, 2017-2018 ikasturterako agendak erosten aritu dira, jada, eskolarako materiala prest edukitzeko eta agendan idatziko dituzten egin beharrekoak ez ahazteko. Nagusiok ere, lanera bueltatuko gara, eta urte berri egunean promes egindako helburuak betetzeko azken txanpan sartuko. Urte berri akademikoa hasi dugu, urte naturala ixteko azken lau hilabeteko honetan.
Iraila etxeko-lanak jartzeko hilabetea izan ohi da. Hasi orduko. Nekatu aurretik. Oporretatik bueltan indar berrituta etorri direnei laguntza eskatzeko unea. Oporretara despistatuta joan zirenei dei egitekoa. Eta aldaketaren bat eman nahi duenarentzako, aukera paregabea.
Agenda politikoa zaharkituta geratu zaigula diosku Xabier Barandiaranek, Gipuzkoako ahaldun nagusiaren kabineteburuak. Herri estrategia sendo baterako, ezinbestekoa dela EAJren eta ezker abertzalearen arteko lankidetza konfiantzazkoa.
Oporretan aritzean eta beste herrialdeetako historiari errepasoa egiterakoan, bat konturatzen da, historia egin duten herrialdeek, behar gordinen aurrean edo herrialdea eraldatu nahi izan dutenean, herri osoak helburu nagusi bat lortze bidean egin izan duela lan. Mendeetako lanaren ondorio direla orain.
Gurean, agenda zaharkitu bada, aukera ezin hobea da iraganaren karpeta itxi eta urte edo aro berriak izango dituen ikasgai ezberdinak zeintzuk izango diren zehazteko. Eta elkarlanean aritzeko, mende batzuk barru, orain hartutako erabakien berri eman dezaten. Herri bakar bat izan ginela jakitera eman dezaten. Txikiak izan arren, gorengo mailan dauden herri handiekin batera burua erakusteko indarra izan genuela gogora dezaten.
Batek, kanpoan egon ondoren, iraileko agendako lehenbiziko orrialdeak asmo handiagoz irekitzen ditu. Orokorra izango dela pentsa dezagun sentimendu hau, irailean gaudenez gero. Eta bertan idatzitakoak ez ditugula ahaztuko.