Síguenos en redes sociales:

Ez garela beldur?

eZ, ez gara beldur. Halaxe esaten diogu geure buruari. Horixe sinetsi nahi dugulako. Baina barruak ereinda ditugu. Eta ezetz dioenak, besterik du.

Aburto jaunak, Bilboko alkateak, Aste Nagusirako beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartu direla jakitera eman du. Euskal Herria neurriz gain maite duen bati entzun diogu esaten, hemen segurtasun sistema berezia dugula. Terrorismoari aurre egiten badakigula. Hemen “gauzak” ezberdin egiten direla. Bartzelona masifikatuegi dagoena mundu osoak zekiela eta, gainera, poliziak ez zituela kaleak itxi?

Denetik entzun dugu baina nik, adibidez, Bartzelonako atentatuaren egunean eta baita biharamunean ere, Donostian, su artifizialak ikusteko lekuz aldatu nuen. Izan ere, ohiko lekuan, zaila izan arren, furgoneta bat sar zitekeela iruditu baitzitzaidan. Ez nintzen beldur, baina badaezpada.

Larunbatean, urtero lez, hondartzatik ikusi genituen azken eguneko suak, musikarekin egiten den ikuskizuna hondartzatik ikusten eta entzuten baita hobekien. Jendea hondartzaratzeko ranpak hutsik utzi zituen poliziak, segurtasunagatik. Atzean egokitu zitzaigun Arrasateko familia bat ranpari buruz hitz egiten hasi zen, handik furgoneta bat sartuko balitz zer egingo luketen irudikatu nahian. Alabetako batek, uretara jauzi egingo zukeela esan zuen. Besteak, ostera, uretara heldu aurretik harrapatuko luketela egin zion arrapostu. Aitak, orduan, onena, lurrean etzan eta hildakoarena egitea zela adierazi zien alabei.

Aitaren erantzunak zeharo harrapatu ninduen zeren eta bezperan, Londres hotelaren inguruan, beste gizon bati, gauza bertsua entzun niolako. Gauza bat bakarrik kalkulatu behar zela: furgonetaren gurpil artean etzaten asmatzea, alegia.

Ez, ez dugu beldurrik. Askeak gara. Eta kalera ateratzen jarraituko dugu. Baina nork bere ahalaren araberako ezkutua jarrita, bestelakorik gure esku ez balego bezala.