Idazleen izenak
EGIN dezagun esperimentu txiki eta, jakina, ez objektibo bat Jainkoaren begiaren bidez, Google Maps, alegia. Bila dezagun Madriden Shakespeare kalea: ez dago; bila dezagun orain kale izen hori Bartzelonan: kalerik ez dago baina badaude Jardins de William Shakespeare batzuk; goazen orain Goethe kalearekin: ez batean ez bestean ez da ageri; Moliere kalea, berdin; Proust kalea: ez batean ez bestean. Aber errusiarrak. Tolstoi: ez batean, ez bestean. Saia gaitezen bi hirietan hirugarren mundua deritzon horretako idazle batekin, Chinua Acheve nigeriarrarekin, kale izen hori aurkitzea miragarria litzatekeela jakinik: ez batean, ez bestean. Egin dezagun orain kontrakoa, Londonen Cervantes: hortxe Cervantes Court. Parisen, aldiz, ez. Eta azkenik har ditzagun Joan Maragall eta Antonio Machado kaleak eta sar ditzagun Madril zein Bartzelonako mapetan: bietan ageri dira.
Sabadeleko CUPek gidaturiko udalak historialari bati agindu dion txosten batek, besteak beste, Quevedo, Machado eta Dolores Ibarruriren izenak aldatzea proposatu du. Machado ez dutela kenduko adierazi du alkateak, baina izena aipatzeak berak hautsak harrotu ditu “nazionalismo baztertzailearen” argudioa lehengo lerrora ekarrita.
Aba historialariak nire ustez ez du gezurrik esaten Machadoren “lanak Gaztela goratzen du (paisajea tarteko) Estatu espainiarraren muina eta esentzia moduan” esaten duenean, Españako literaturaren kanonean ezarritako egitatea baita; ez nago oso seguru ordea “eta horrek aniztasunaren ideia baztertzailea adierazten” duela azpimarratzen duenean.
Zer ikuspuntu izango zuen Antonio Machadok Katalunian egin nahi duten erreferendumari buruz? Muñoz Molinarena “nazionalismo-oro-txarra-da” ikuspuntu alferra? Estatuan unibertsaltasuna espainiarra dela bakarrik usteko zuen? Iruditzen zait baietz oraingo ezkerreko hainbat idazleren adierazpenak kontuan hartuta, ezkerreko askorendako oraindik ere Espainia una baita eta patu unibersal baitu. Beraz, Madriden Shakespeare kalerik ez izatea istripu hutsa da; zer esanik ez Chinua Acheve kalerik ez izatea.