Virginiako naziak
NeONAZI hitza darabilgu behin eta berriro, neofazista edo neoliberala erabiltzen dugun bezala; edozeinek jakin arren neo (berritik) gutxi dutela horietako ekimenek. Aspalditik diardutela naziak, bai AEBetako Charlottesvillen zein gugandik hurbillago. Ez izutu edo harritu. Zoro aurpegiko kaskamotz batek, herioa sortzeko intentzio osoz, kotxea atzera eta aurrera egitea latza eta larria dela konturatzen gara baina egun bere-tsuetan, zuzen edo zeharka, Katalunyako galdeketa galazoteko Armada bidalteaz mehatxatea ere zeozer da. Ez da Virginiako estatura joan behar (neo) naziak, (neo) fazistak, pentsaera bakarra edo supremazistarena ezarri nahi dutenak ikusteko. Fundación Nacional Francisco Francoren inguruan Rajoy eta rajoytarrek duten babes jarrera edo tolerantzia ere zaku beretsuen sartzakoak dirudi.
Inondik ere berriak ez direlako, garai batzuetako puntadun txanoekin edo barik, Virginia aldean azaldu diren (neo) KKKekoek. Jakina, ezkutuan egon direla, letargoan, baina ez inondik inora ezabatuak. Jakina, bestalde, duela mende erdi milioi batzuk izan ziren lekuan orain 80 bat mila direla soilik baina, duten diru eta boterearekin kalte asko egiteko haina, areago, Etxe Zurian bizi den mundu erdiren jabeak babesa ematen dioten bitartean. Eta ez kasualitatez, Charlottesvillen sarraskiak eta hilketa eragin zituztenek Trump jaunari presidentzia haien babesez lortu zuela gogoarazi diotelako eta aginte hori lortzeko kanpainan erabili zituen promesak betetzeko eskatu. Donald ahateak bi egunez eutsi zion hauen presioari baina beste presio latzago edo indartsuagoei esker, zorionez, hirugarren egunean gaitzesi zuen nazi horien errebolta eta kriminalak deitzera iritsi. Oso bitxia egiten da, dena den, garrantzi horietako gaietan sare sozialak hartu duten indarra. Edonoiz eta edonon azaltzen da Donald Trump jaunaren aurpegi bikoitza. Esaka dabiltza telebistan edo prentsa tradizionalean mozorroturik azaltzen dela eta bere pentsakera ez ezik aginduak Twitter bidez ematen dituela.