XABIER Arzalluzek, EAJren EBBko presidente izandakoak, Berrian egin dioten elkarrizketan, herriak “bizia” izaten jarraitu behar duela esan du, bihar edo etzi independentzia lortu ahal izateko. Herri batek bere hizkuntza eta kultura bizirik mantentzen baditu eta herri izaten jarraitzeko gogoa eta ahalmena agertzen baditu, ez dagoela parlamenturik errealitate hori geldiaraziko duenik. Noiz izango den? Noiz arte mantendu behar den bizitasun hori? Inork ezin omen du data bat jarri. Baina Europan baditugu estatu bihurtutako herrien aurrekariak, Montenegro edo Serbia, kasu.
Denbora gure alde dagoela esan liteke, ordea. Denbora etorkizun osoa baita. Etorkizuna, herria indartzeko tempus hori.
Orain arte, bagenuen Europara eta mundura begirako etsai bat: terrorismoa. Herria, puzzle handi bat balitz bezala, zati txiki txikitan banatuta zuena. Orain, maila ezberdin batean, badirudi beste etsai bat aurkitu ezinda gabiltzala: turismo eredua. Protestak eta manifestaldiak nonahi, urteetako frustrazioari eta ezinari aurre egiteko. Etsai nagusia, ordea, Donostiako parte zaharrean edo Grosen beren pisuak saldu eta dirutu diren herritarrak ere badira. Pentsioak jarri dituztenak, udaran gurasoen etxera joan eta beren etxea alokairuan jartzen duten gazteak, “abuztua egiteko” negozioen ateak udarako bakarrik irekitzen dituztenak...
Gazteei eskaintzen zaizkien lanak prekarioak direla? Zenbat ikaslek egiten du bere “abuztu” propioa lau asteburutan? Zenbat gurasok animatzen ditu gazteak udako lan horiek egin ditzaten, ardurak hartzen ikasi, poltsikorako dirua egin eta, bitartean, kalez-kale ibil ez daitezen?
Erraza da errua besteei botatzea. Zaila, norbere begiko lastoa ikustea. Erraza, herria puzzle erraldoi bat bezala zatitzea, nor garela sentitzeko edo, Europan eta munduan, Basque Country, the north coast of Spain gisa ikusten gaituzten bitartean.