EUSKALDUN askoren sakelako telefonoetara, WhatsApp aplikazioaren bidez, irudi harrigarri bat heldu zaigu: Prohibida entrada vehículos particulares/ Bilatu duzun hitza ez da hiztegian agertzen. Ikusi orduko lagun batzuk barretan hasi ziren, “ze astapotro, ez da konturatu ezertaz, memelo halakoa” eta horren modukoak komentatuz. Nik pena sentitu nuen. Pena. Euskararen aldeko hautua ere badago ahalegin horretan. Pertsona horrek sentitu du euskarak behar duela hor tokia, presentzia, baina ahalegina erabat ustela atera zaio. Eta lasaitasunez jarri du paperean itzultzaile automatikoak luzatu diona. Pertsona horren euskararen ezagupena zero da? Benetan zero patatero? Euskarak behera egin arren bizirik dago herrialde honetan eta ondorioz, kuriositate minimo bat erakutsi beharko luke kaletar orok berarekiko. Euskararekiko mesprezu txikiak baina deitoragarriak egunerokotasunean ikusten dira. Ekitaldi, prentsaurreko, edota aurkezpen askotako hasierako unetan, “egunon, eskerrik asko etortzeagatik” izango da euskaraz entzungo duzuen sintagma bakarra, nahiz eta kazetari ia guztiak euskaldunak izan, eta nahiz eta ia hizlari guztiek euskaraz jakin. Badirudi gauza batzuk ezin direla interpretatu euskaraz badatoz, eta gaztelaniaz hobeto endelegatuko ditugula (Osakidetzako ohar famatu hartan bezala). Hil honetan jakinarazi dituzte Soziolinguistika Klusterrak egindako inkesten balorazioak. Eta emaitzak ez dira pozgarriak. Euskara gutxiago entzuten da kalean, eta ez bakarrik hiri handienetan, euskararen babesleku bikaina izan diren gure geografiako hainbat herritan ere, betidanik euskaraz mintzatu diren horietan, erabilpena jaitsi da. Aurreko inkestek moteltze prozesua adierazi zuten, orain beheranzko bidea hartu du ikerketaren grafikoetako marra kolorezkoak. EAEn hirutik bat baino gehiago euskalduna da; Nafarroan zortzitik bat; eta Iparraldean bostetik bat. Bizkaian behera egin du; Gipuzkoan atzerakada hasi da; Araban eta Nafarroan gora egin du erabilerak, eta Iparraldean indizerik baxuena hartu dute, bertan itxaropentsu dauden arren. Geu egon behar garen moduan.