DeNAK ez du azalpenik. Denak ez du erantzunik. Denak ez du konponbiderik. Dena ez da bidezkoa. Dena ez da logikoa, eta ikasi behar dugu horrekin guztiarekin bizitzen. Horixe irakurri dut azken egunotan. Eta horixe ere sentitu dut azken egunotan. Nekez onartzen dira patuaren amarru zikin eta ilogikoak. Nekez onartzen da ezkutuko zentzumen batek etengabe adierazi nahi diguna. Nekez bilakatzen da iluna argi. Eta argi nuen nik Zeras eta Galvan, gailurretik bueltan derrepentean agertuko zirela kanpamentu nagusian, barreka, ahiturik, arima Mazeno ertz horretako irudi ikaragarriz beterik, ia estasi batean biak, Himalaiako alturak emaniko psikodeliaz blaiturik, pozarren. Egia esan ez nintzen asko larritu ondo plagiaturiko interneteko irudi imajinario horretako marra gorriak laurogeita hamarreko desbideratze argia erakutsi zigunean. Poltsaren bat jausi edota Zerainen racetrackerra maldan behera amildurik izango zen. Edota agian, horrekin batera satelite bidezko telefonoa. Edota agian, bere bateriak erabat agorturik zituzten. Edo agian, edo agian, edo agian. Mila arrazoi nituen Mazeno gailurrerian gora segituko zutela irudikatzeko, eta bat tramankulu dontsu hori adierazten ari zenaz jabetzeko. Muino bat igotzeari eta berriz jaisteari muzin egin zioten, eta guztiok egingo genukeen bezala, zeharkaldiren bat antolatzearen aldeko agertuko ziren, bideari koska bat jateko asmoz. Espero ez zuten baldintza txarreko elur plaka batek krak egin, eta?

“Ze bista ederra dagoen hemendik”, bota zidan ziplo Albertok, nik walkie-talkie hartuta kanpamentu nagusitik non zeuden jakiteko deika ari nintzaionean. Gasherbrum II-n geunden. “Zein ederra? Baina non zaude Alberto? Bai, gailurrean nago”. Eta etxe azpiko okindegira ogi bila joan izan balitz bezala, berbetan zegoela begitandu zitzaidan. Normaltasun osoz, arnas etenik ez, nekerik ez.

Zorionak eman nizkion hartan -neu bai arnasestuka, artega batean-. Gerora, espedizio guztietatik bueltatu den bakoitzean gauza bera egin izan dut, telefonoz deitu eta zoriondu. Orain joan egin zaigu, baina utzi digunarengatik gauza bera egingo dut, zoriondu eta eskerrak eman. Nekez ahaztuko zaitugu, Zeras.