HILDAKO guztiak bizirik daude zonbiak balira bezala. Edo Lazaroak, zeinak zonbiak baitira ere. Eta zonbi guztiak, errealitate baterako gutxienez, hilik daude, hilik eta bizirik, hildako guztiak bizirik dauden moduan.

Zartzen ai gaittuk Bowie hil duk bota zidan whatsappa astelehen goizean Arbizuko adiskide batek. Antzeko zioen Iban Zalduak Berrian kantariaren heriotzari buruzko zutabean, Bowieren heriotza gure hilezkortasunaren seinalea dela adieraziz. Ez Lou Reederenak, ez Mikel Laboarenak ez ziren niretako heriotzaren ohartarazpena izan, David Bowieren kasuan, beharbada, heriotza haren ibilbide luzean beste eraldaketa bat baino ez zelako izango uste izan dudalako. Iruditzen zitzaidan handik etorriko zi-tzaigula, azkeneko diskoko Lazarus-a bezala, han zer dagoen kontatzera eta kantatzera. Horrekin jolastu nahi du, eta horrela geldituko da gure gogoan, betiko, esatera nindoan, baina ez dut esango. Baina, ez zaigu etorriko, heriotza da, amigo. Akabera. Jartzen Lazarus-a jartzen zarela.

Hala ere hildakoak bizirik daudenez, gero eta beharrezkoagoa bilakatzen ari zaigu haiekin mintzatzea, gizarte honek heriotzari ez ikusiarena egiten diolako topiko egiazkoari muzin egiteko besterik ez bada ere. Gero eta beharrezkoa izan beharko litzaiguke hildakoekin mintzatzea, hildakoak, izan, oso jende printzipala baitira. Zergatik pilatzen dira errefuxiatuak Lesbosen? Non bilatu beharko genuke justizia? Zergatik ez genuen errukirik erakutsi eskatu ziguten hartan? Barkatuko dizkigute adorerik gabe bizi izandako uneak? Arretarik gabe bizi izandako une horiek guztiak? Eta haiekin ahaztu izana? Zenbat aldiz ez gara egunerokotasunaren heroi? Hildakoak asko dira. Hildakoak, esan bezala, jende printzipala dira. Hildakoak bizirik daude eta jakintsu dira. Egunero hitz egin beharko genuke haiekin. Kontsolamendua aurkitu eta bizitzara bihar-korik ez balego bezala atera, nahiz eta gero eta Larazoago garela jakin, edo horrexegatik beragatik, gero eta Lazaroago garelako biharrik ez balego bezala bizi. Nik, behintzat, beste hildako bat daukat noizean behin mintza-tzeko. Gidari on dakidala David Bowie!