NONDIK begiratu, hura ikusi. Duela urte mordoa footing egiten nuen Armentiarako paseoan. Orduan footing dei-tzen genion zapatila merke eta zira edo txubaskeroa jantzita egiten genuen kirolari. Orduan, traba egiten zigun bertatik lasai paseoan zebilen jendeak.
Gaur, Armentiako ingurua korrikalariz beteta dago. Orain running deitzen diote zapatila eta elastiko garestiekin egiten duten ariketa horri. Eta orain, ni oinez dabilen taldera pasatu naiz eta korrikalariak dira traba egiten didatenak. Aitortu behar dut batzuetan beldurra ere ematen didatela aurrez abiadura handian datozenean. Argi dago, nondik begiratzen den, gauzak ezberdin ikusten dira.
Alemanian gizon batzuek taldeka egindako sexu erasoen albisteak oihartzun handia izan du, baina denek ez dute gauza bera ikusi. Talde ultraeskuindarrentzat arazoa kanpotik datozen etorkinak dira; iri-tzi emaile batzuentzat babes neurririk hartzen ez duten emakumeak; eta askorentzat benetako arazoa emakumeen gorputzak objektu erabilgarritzat jotzen direla da.
Gizarte honetan, askotan, erasoen iturburua emakumearen gonaren neurrian bilatzen da gizonaren bragetan bilatu beharrean; gizarte honetan, emakume politikariak bere itxura fisikoagatik iraintzen dituzte; gizon futbolariek trofeoak balira bezala erakusten dituzte euren emakumeak ekitaldi publikoetan; neskak zilborra erakustera behartuta daude Institutuan norbait izan nahi badute; eta genero indarkeriak gogor jarrai-tzen du. Estatuan lau emakume dira jada bikoteak edo bikote ohiak eraildakoak urte hasi denetik, bi astetan bakarrik.
Non zauden arabera, traba egingo dizu korrikalariak edo paseoan dabilenak. Baina hemen arazoa ez da korrika edo oinez zoazen, baizik eta bata edota bestea egiteko zapatila eta jantzi garesti, eroso eta seguruak ematen dizkizuten, edo J’Hayber zahar batzuk eta txubaskeroa.