SeME-alabekin joan ginen jatetxe batera. Halakoetan nire kezka nagusietako bat umeek alboko mahaietan bazkaltzen dauden pertsonak ez gogaitzea izaten da, beraz, hasieratik mehatxatu nituen zigorren batekin jatetxe hartan algaraka edo eserlekutik une oro jaikitzen ibiltzeko asmoa bazuten. Halakoetan ingurura begiratu eta han dauden guztiak adults-only hotel horietako bateko bezeroak iruditzen zaizkit, umeak pixka bat gertu ikusiz gero urduritzen diren horietakoak.

Nahiko ondo zihoan dena, alaba aulkian kulunka hasi eta atzerantz jausi zen arte. Zorionez, ez zuen minik hartu. Zerbitzaria etorri zitzaigun dena garbitzera, umearekin batera makarroi platera ere lurrera jausi baitzen, eta barkamena eskatu genion. Umeak direla esan zuen, berak ere izan dituela eta bazekiela zer zen, lasai egoteko. Hitz egiteko gogoa zuela antzeman nion. Seme alaben adinagatik galdetu zigun eta urrunera begiratu ondoren esan zuen: Bai, garai hori gogorra da, umeak txikiak direnekoa, nekea handia izaten da... baina gauza bat esango dizuet, egunean zehar asko nekatuko zarete umeekin, baina gauez etxean sartzen zaretenean eta etxeko atea ixtean, denak dituzue etxe barruan. Eta nik ez. Nik alaba nerabeak ditut. Etxean sartu eta ez dakit nondik dabiltzan. Asteburuetako gauetan haien gelak hutsik daude. Hori bai dela burukomina.

Seme-alaben kontrola galtzeak sortarazi behar duen inpotentzia irudika-tzen saiatu nintzen egun horretan zehar, hain justu, Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Parlamentuak onartutako deskonexiorako adierazpena automatikoki baliogabe uzten zuela jakin nuenean. Espainiak Kataluniako hainbat ordezkari desobedentziaren delituarekin mehatxa-tzen zituela entzutean, burura etorri zitzaidan seme-alabak zigorren baten bitartez kontrolatu nahi dituzten gurasoen irudia. Kasu honetan, umea nerabe bihurtu da, baina, eta mahai jokoan kartel bat jarri du, adults only dioena.