GAUZAK errebisatzea komenigarria izaten da. Baita, bizi ahal izateko, gauzei ez ikusiarena egitea ere. Psikologo adituek esaten dute: txarra da orekarendako gauza berei marran-marran bueltaka aritzea. Atxagak esana utzi zuen han laurogeita hamar hamarkadaren hasiera aldera: euskal idazle batek ez ikusiarena egin behar dio euskararen egora kaskarrari, idazten ari denean behintzat.

Eta are gehiago esango nuke, euskarazko irakasleek, eta euskaraz irakasten duten irakasleek, eta euskaldunek, eta euskarari buruz ardurañoa daukan edonork. Euskarak zaila dauka, baina aurrekoan aragonesdun bati entzun nion bezala, nerauk ez dut bukaera ikusiko. Euskara, gainera, Bilbo Handia hirian, nahiz eta bertan izan euskaldun gehien, arazoa gatazkatsua da, administrazioan lana lortzeko oztopo, Osakidetzako zerrendetan behera egiteko arrazoi, euskaraz dakiten medikuen profesionaltasuna zalantzan paratzeko aitzakia, eta baita, aitor diezaiogun behingoz, arazo larri ere, D ereduak ez baitu lortu familiatik euskaldun ez diren ikasleen artean erabilera minimorik ikastetxetik kanpo; eta bertan ere nekez. Denok egiten diogu ez ikusiarena, ikusiarena egiteak kezka sortzeaz gain lanerako elbarrituko gintuelako.

Euskararen afera labirinto bilakatu zaigu ez hizkuntza, hizkuntza bere bidea egin eta adierazkortasunean irabazi duelakoz, batua sortu zenetik, baizik eta inguruko baldintza guztiengatik: hizkuntza eskakizunak, azterketak, ikasketa behartuak, ezinikusia, utzikeria, diglosia...

Horregatik poztu naiz EGA azterketa, emaitzak eta gainontzeko tituluak errebisatuko dituelako Eusko Jaurlaritzak PSEk egindako galdeketa baten ondoren. Eztabaida irekitzeak hizkuntzaren erabileraren inguruko hainbat adostasun urra dezake, eta, beharbada, ezarritzat eman ditugunetan atzera eginarazi, baina gutxienez eztabaidak erabilitako argudio batzuen falazia agerraraz dezake. Aspaldi erabaki ziren arau eta ereduak errebisatzeko garaia heldu da.

Horra nire aldetik lehendabiziko argudioa: autogintza, etxegintza, makina-erraminta eta abar subentzionatzen badira, zergatik euskara ez?