AMESGAIZTOEI zenbat bider egin diegu aurre loaldia etenda... eta zenbat aldiz eutsi diogu loaldiari ametsaren gozoak besarkatu gaituenean? Zoriak lehenago edo beranduago, ordea, on-gaitz guztien geralekura, errealitatera eramaten gaitu, ametsak, direnik ederrenak, eskuratu ezinaren eremuan gelditzen baitira, baldin horiek lortzen saiatzen ez bagara.

Lokarri akordioaren eta kon-tsultaren aldeko herritarren sareak urteetako ibilbideari agur esan eta, aldi berean, etorkizuneko Euskal Herria irudikatu digu. Hamarkadetan jazotakoaren aitortza, salbuespenezko legeak ezabatzea, adiskidetzea, bizikidetza, errespetua eta abar izan dira aipatu dituenak... baina beldur naiz, bakoitzak dezakeena jartzeko prest ez badago, hitzok ezerezean geratuko ote diren.

Indarkeriarekiko diskurtsoa, iraganarekiko irakurketa baldin-tzazko esaldiekin josita badago, eginikoak, esandakoak, emaniko babesa, bai eta isiltasunak ere, mina eragin dutela onartzeko gauza ez bagara ez dago adiskidetzeko gutxieneko zorurik; era berean, estatuak eragin dituenak argitzea beharrezkoa da, indarkeriak bidean utzitako gertaera guztiak zuritzea eginkizun dagoen bezala. Ezin baita bata exijitu bestea linboan, gogora ekarri nahi ez ditugun gauzen, ustez gertatu ez direnen eremuan utziz gero.

Begirunea erakutsi behar zaie gu bezala pentsatzen ez dutenei, guk adina eskubide dutelako... eta errespetua, alderdi zein bestelakoetan aurkezten direnei, gure taldekoak ez izan arren. Batak bestea dakarrelako. Ezin eska daiteke emateko prest ez zaudena!

Salbuespenezko legeak behar dira gainditu, sufrimenduak arintzeko, zauriek zarratzeko aukeraren bat izan dezaten, ezinikusiak eta urteetako gorrotoak arintzen joan daitezen. Justizia kontua da hori, zerbait izango bada! Elkarrekin bizi eta bizitzen ikasi, elkarri bizkarra erakutsi ordez. Aurreiritzirik gabe, begiradei eusten diegula.

Urteak igaro dira ETAk indarkeria baliatzeari uko egin zionetik, baina segitzen du presente, desagertu gabe... eta hori gerta-tzea ere garrantzitsua da arriskuak ekidin eta iraganeko kontuak bideratuko badira. Gure herriak ez baitu gainbegiratzailerik behar egiten dituen urratsak egiaztatzeko, ez eta epaitzeko ere.

Indarkeriaren agerpen batzuk gainditu dira... eta zailena dago eginkizun, elkarri entzutea, elkar ulertzeko, elkarrekin bide berri bati ekiteko. Ametsak egia bihurtzeko, bakoitzak dezakeen guztia jartzea baino ez delako behar.