maitasuna, maitasuna, maitasuna. Bizitzaren ardatza askorentzat; eztabaidagai egunotan, San Valentin egunaren harira egindako ikerketen arabera. Alde batetik, gazteei sexuaren inguruan galdetu zaie. Zer iruditzen ote zaien neska askorekin ateratzen den mutila eta, alderantziz, mutil askorekin ateratzen den neska. Mutilaren kasuan, badirudi normala iruditzen zaigula; ez, horrela, neskaren kasuan.
Eta maitasunari buruz galdetzean, mito anitz golkoan. Benetako maitasuna betirako dela, maitasunak sufrimendua suposatzen duela, norbere izaeraren zati bat alde batera utzi behar dela maitasunaren alde, ”bestea” gabe ez garela inor, bateragarriak garela, bikotekiderik ez duenari zerbait falta zaiola?
Oso hedatuak dira mito hauek eta beste hainbat, tankera bertsukoak. Eta denok sinesten ditugu, nagusiki, bi arrazoi direla medio: batetik, hala dela esplikatu digutelako (bai erromantizismo garaitik ezagutzen dugun literaturak eta baita ere gaur egungo zinemaren industriak) . Bestetik, ulertzen eta eramaten zailak egiten diren gai gehientsuenekin gertatzen den bezala, argumentu defendagarri batzuk behar ditugulako, egunean egunerokoa eramangarriagoa egiteko.
Erabili ohi ditugun mitoen artean, gogorrena, “bestea gabe ezer ez garela” defendatzen duen hori egiten zait, norbere identitatea edo izana errotik gutxiestea suposatzen duelako. Baina kontua da, maitasunak baduela aipa-tzen den alde erromantikoaz eta, oreka, ziurtasuna eta konfort sentsazioaz gain, sari edota errekonozimendu puntu bat ere. Maitasunak erpin asko ditu. Ez bakarrik aztertu dena, hau da, erromantizismoarena. Eta, beraz, maitasunak osatu egiten gaituela uste dutenen taldekoa naiz ni neu ere. Norbere izan askeari iskin egin gabe baina “bestearen” begiradarekin indartu egiten garela uste dutenetakoa. Ezinbestekoa ez bada ere.