IRAGAN berri dugun iraila ilusioen hilabetea izaten da: proiektuak harrien azpitik hazten dira, gimnasia eta antzeko ikastaroetan ez dago plaza librerik aurki-tzerik, eta Decathloneko pasilloak beteta daude, “aurten kirola egingo dut” kartela kopetan itsatsita duten eroslez gainezka.
Ilusioaren indarra handia da. Ilusioak gora eramaten gaitu, eta geure burua gai ikusten dugu, edozer egiteko indarrez. Ilusioa berotasuna da, barrua erretzen digun zerbait eta aldi berean argia ematen diguna.
Ilusioa darie baita ere nire lagun kataluniarrak telefonoz egin dizkidan hitzei. “Hau ez dago gelditzerik”, esan dit, galdeketaz aritu garenean. “Zailtasunak zailtasun, ez dago gelditzerik”, berretsi du.
Eta bai, lagunaren hitzak entzunez, pentsatu dut ilusioak arerio asko dituela. Batzuk kanpotik datoz: eguraldi txarrak edota gero eta goizago iluntzeak gogoa kentzen digu gure ekipazio berriarekin korrika egitera irteteko. Baina beste arerio batzuk barruan jaiotzen dira: elastiko berriak jantzita, ispiluaren aurrean geure buruari “baina nora noa ni itxura honekin?” bezalako galderak, adibidez; edo “zertarako?”, edo “ez naiz gai izango” eta abar?
Hainbeste etsairekin, ilusioa askotan kea bezala desagertzen da airean eta han agertzen dira eszeptizismoa, etsipena, axolagabekeria, epeltasuna, koldarkeria? Ilusioak hegan egiteko aukera ematen digun modura, beste guzti hauek lurretik arrastaka eramaten gaituzte.
Nire lagun kataluniarra ilusioz gainezka dago, nahiz eta galdeketa galarazi nahi dutenek “abiadura supersonikoa” izan. Nire lagunak identifikatuta ditu bere herriaren ilusioaren kanpoko arerioak, hauek baitira argien ikusten direnak. Baina, dioenez, ez dira hauek beldurgarrienak. Haren iritziz, garrantzitsuena barruko arerioak identifikatzea da: “Baina nora noa ni traje berri honekin? edo “zertarako, ez bainaiz kapaz izango” bezalako galderez arduratzea, hain zuzen ere.