MONARKIA kontuetan, behinik behin, mundua aldrebes dagoela ezin ukatu. Errege-erregina berriak sotana zuridunaren aurrean makurturik ikusi ditugu Espainia osoan ez ezik Europako egunkari eta telebista askotako portadetan. Katoliko guztien Aita Santuari Santa Teresaren omenez bisitatu gaitzan gonbidapena eramaten joan omen dira Borboi-Ortiz gazteak Erromara. Lehenik semeak aitari hartu -zeren, aitak semeari eman ez- dion erreleboa azaltzea zen helburu eta, bide batez, gonbidapena. Felipek esan omen dio Patxi I.ari Francok bere aitari eman zionez, beronek hartu duela eta, urte batzuk barru, bere alabari emango diola agindua eta horrela “per omnia secula secularum, amen,” Horretarako ez dela inolako hauteskunde ez antzekorik behar, Jaungoikoaren graziaz sortuak direnez, aginte doi eta ahal hori emana datorkie. Urteetako oinordetza du Felipek bere kargua. Ortiz andereñoak, ordea, ongi edo gaizki printzeari txortan egin, elizako aldarera eraman eta kitto. Buzkantzak orde, honek asturiarra tronura igo du.
Hitzaurrea muina baino luzeago egin zait berriro, errege zaharrari ezarriko dizkioten foruak delako gaurkorako nuen asmoa. Aforatu behar dute gizagaixoa. Zerbait gaizki egin balu edo egingo balu juzgatu ez dezaten. Dena libre, aurrerantzean ere. Bozgorailuz oihuka aldarrika dute errege familia guztia errugabe dela Noos edo an-tzeko kasuetan. Inork sinetsi behar du, hori horrela izaki, familiatik kanpo uztea bi infantak eta inguruan duten dena? Errege etxeak inork baino informazio gehiago duela zalantzarik ez dut eta bekaturik ez balego ez zuten bide horri ekingo, odola urdinetik gorrira itzultzea hain merkea ezin litzateke izan. Harago joanez, Juan Carlos I.a berak bekatu astun eta konkreturik ez balu, ez lirateke korrika eta presaz ibiliko foru berezi horiek ezarri nahian. Gaizkiena iruditzen zait etxez landa izan omen dituen semeren bat edo bi erabiltzea, ke gortina gisa, ezkutatu beharreko errege zaharraren delituak aipatzean eta, kasurako, estatu kolpean izan zuen inplikazioa ahantzi.