Jardunaldi bat gitxiago eta hiru puntu gehiago. Holan laburtu geinke asteburuak itxi deuskuna. Bederatzi partidu geratzen dira Liga txapelketea amaitzeko eta Athleticek sendo jarraitzen dau Txapeldunen Ligarako bidean. Valencian eta Vila-realen balio handiko puntu bi eskuratu ostean, zuri-gorrientzako ezinbestekoa zan Getaferi irabaztea San Mamesen eta Ernesto Valverderen gizonek ez dabe huts egin. Bide onetik doa Athletic. Eutsi egiten deutso sailkapeneko laugarren postuari eta aurkariek gero eta aukera gitxiago ditue zuri-gorriekiko aldea murrizteko.

Liga txapelketako azken txanpan ez dago partidu errazik. Aurkari guztiek asko daukie jokoan. Getaferen kasuan, hamahiru jardunaldi eroiazan irabazi barik San Mamesen jokatu aurretik. Ganera, Ernesto Valverdek ez eukan Aritz Aduriz zelairatzerik zigortuta egoalako. Argi eta garbi esan behar dogu gaur egun donostiarrak garrantzi itzela daukala Athleticen. Beste era batera esanda, talde zuri-gorriaren erasoko jokoak asko galtzen dau Aduriz barik. Ernesto Valverdek Guillermo Fernandezen aldeko apustua egin eban hasierako hamaikakoa osatzeko eta ordezkoen aulkian itxi eban Toquero biztugarria. Aurrelari bilbotarrak ederto gainditu eban azterketea. Lan asko egiteaz ganera, ez zan kikildu Getafeko atzelarien aurrean eta gola be sartu eban, arbitroak balio barik itxi arren. Guillermok merezi dau bere aldeko apustu sendoa egitea. Guillermo eta Iñaki Williams izan behar dira Athleticeko etorkizuneko aurrelariak, Gorka Santamaria, Asier Villalibre eta atzetik datozan beste gazte batzuk ahaztu barik.

Gol bakar bateko aldeagaz irabazi eutsan Athleticek Getaferi eta egia esateko bigarren zatia gura baino luzeagoa egin jakun. Valverderen gizonak jaun eta jabe izan ziran partidu osoan baina ez eben lortu bigarren gola sartzea eta bigarren zatian susturen bat edo beste emon euskun aurkariak. Edozelan be, zuri-gorrien nagusitasuna ikusita inor gitxik uste eban Getafe Iraizozen atea zulatzeko gauza izango zanik. Futbolean, ostera, horrelakoak eta gatxagoak jazoten dira. Garrantzitsuena hiru puntuak lortzea bazan, baloratzeko modukoa da taldeak erakusten dauen sendotasuna. Gaur egun oso gatxa da Ernesto Valverderen taldeari irabaztea. Hobeto edo txarrago jokatuta be, Athleticek bloke sendoaren itxurea emoten dau.

Zapatuko partiduak albiste txarrik be ekarri eban. Carlos Gurpegik min hartu eban belaunean eta aste batzuk beharko dauz osatzeko. Zorionez, lesinoa ez zan izan hasiera baten uste besteko larria. Ernesto Valverdek joan zan astean azpimarratu eban lez, atzelari nafarra denporaldi itzela egiten dabil eta taldeak zelaian behar dau. Atzelari bat baino askoz gehiago da Gurpegi Athleticen.

Eta arnasa hartzeko asti barik Elx-en aurka jokatuko dau gaur Athleticek. Gaurkoa be partidu gatxa izango da zuri-gorrientzat. Fran Escribaren taldeak hiru puntura ditu jeisteko postuak eta ezinbestekoa dau etxeko partiduak irabaztea maila eusteko aukerak bizirik mantentzeko. Elx-ek ez dau golik jaso etxean jokatu dituen azken bost partiduetan. Ganera, denporaldi osoan Real Madrid eta Atletico de Madridek bakarrik sartu dabe gol bat baino gehiago Martinez Valeron. Bina hain zuzen be. Beraz, zuri-gorriek euren onena emon beharko dabe garaipena eskuratzeko. Eta zapatuan?Atletico de Madrid San Mamesen.

Amaitzeko, alkartasun osoa erakutsi gura deutset Bilbao Basketeko jokalari, entrenatzaile eta beharginei. Oso larria da Bizkaiko saskibaloi talde nagusian jazoten dagoana. Arazo eta oztopo guztien ganetik bizirik behar eta gura dogu Bilbao Basket.