ETXEAN behin eta berriro esaten zidaten: "segi bila-tzen". Berdin eskolan: "segi galdetzen". Gero lagunarteak eta askotariko kezkak etorri ziren, sozialak, kulturalak, politikoak, eta horietan ere, "segi bilatzen" errepikatzen zidaten bidaideak aurkitu nituen. Ordudanik dakit "zergatik" bakoitzaren ondoan "zergatik ez" jarriz gero, aukera berrien etorbidea zabaldu egiten dela eta askoz aberatsagoa dela handik aurrerako bidea. Baita dibertigarriagoa ere. Guztiei esker ikasi dut, azkenik, ibiltzeko modu bakarra dagoela, haizeak nahierara eramango ez bazaitu: nork bere bidea egitea.

Asko eskertzen ditut irakaspenak, bizitzarako arma egokiak izan zirelako. Orain, alta, ikasitako hori hankamotz geratu zaidala ohartu naiz, nire buruari behin eta berriro galdetuta ere, erantzun agerikorik ez duten egoeren aurrean zer egin ez baitakit.

Kontraesanak deitzen diegu, bizi-tzearen ondorio esan beharrean. Egunotan bolo-bolo dabilen auziak eman dit horretaz pentsatzeko bidea. Poztu daiteke bat giza-eskubiderik behinena urratu duen pertsonari bere giza-eskubideak osoki errespetatuko zaizkiolako? Bai, poztu daiteke bat, ni poztu egiten naiz, behintzat. Poza, baina, ez da algara, ez da "puntu eta kitto"-ko alegeratasun, ezta arinkeria ere. Poztu eta mindu daiteke bat aldi berean? Baiezkoan nago.

Harry Truman AEBko Presidentea bere onetik ateratzen omen zen iritzi-ugaritasunean, eta horregatik, gobernuaren aholkulari ekonomialari besamotzak nahi zituela esaten zuen, hau da, "on the other hand", "bestalde-rik", azalduko ez ziotenak, zuria edo beltza eskainiko zioten sinplekeriaren bozeramaileak.

Badira erantzuten asmatuko ez ditugun galderak eta soluziorik ez duten estualdiak. Badira sekula ulertuko ez ditugun hutsuneak, inoiz onartuko ez ditugun urrunaldiak. Bizitzan irtenbidea aurkitzen ikasi dugu, baina umezurtzak gara aterabide bistakorik ez duten bizi-tzako bihurguneetan.

Herritar besamotzak hezi ditugu, baina soluzio sinplerik ez dago, pauso errazik ere ez ibili beharreko bide malkartsuan.