ADISKIDE irakasle batek kontatu zidan ikastolako bere gelako ikasle guztien artean sei urteko ikasle ijitoa zela bizkorrena matematikan. Aldearekin. Beste guztiak baino hobeto moldatzen omen zen kalkuluetan, eta erraz ateratzen zituen batuketak eta kenketak txanponak erabilita, aita eta amarekin trebatua baitzen txiki-txikitatik salerosketan. Bide emankorra egingo zuen eskolan neskatoak, bazituen horretarako dohainak, baina gurasoek ikasturtearen erdian atera zuten gelatik, azalpenik eman gabe. Leonarda izan zitekeen neskato hura, joan den astean Frantziako eskola bateko autobusetik jaitsarazi zuten nerabe ijitoa. Edo ez, jakina, baina harekin gogoratu naiz aste honetako gertakariaren berri izan orduko, adinez hortxe-hortxe ibiliko delako Leonarda nire adiskide irakaslearen ikaslearekin.
Gazte ijitoa kanporatu duten aste berean jakin dut auzitegi gorenaren erabakira jo behar izan dutela Frantzian zenbait auzapez intsumiso legearen bidera eramateko, bikote homosexualak ez ezkontzea erabaki zutelako herri-ordezkari ba-tzuek, kontzientzia eragozpena argudiatuta. Bata eta bestea batu egin dut, sei urteko gaztetxoa baino motelago bada ere, eta emaitza ez zait batere zuzena iruditzen.
Agintean eskuina nagusi zenean, "ikusten, eskuinaren bihozgabekeria da", esaten genuen, baina orain, ezkerraren eskua izan da, dar-dar egin gabe, hamabost urteko gaztetxo bat eskolako autobusetik jaitsarazi eta deportatzeko agindua sinatu egin duena.
Iparra galduta dabilen Europako mugen barruan ez dira erraz onar-tzen salbuespenak. Ijitoak ez ditu maite, ezta sexu bereko bikoteak ere, ezta gehiengoarena ez den fedearen aldekoak ere... Zenbat horrelako?
Berdintasuna, Askatasuna eta Senidetasuna aldarrikatzen zituen eraikuntza hura ispilatze hutsa izan ote zen pentsatzen hasita nago. Eta hala ez bada ere, hots, orduko hartatik on asko jaso eta barneratu badugu ere, gaur egungoa aurreko haren aurriak baino ez direla ematen du, izan zitekeenaren aurrean, txingotekeria hutsa.
Arazoa ez da 15 urteko gazte bat, hura arazo bada ere. Kontua da zenbat bide emankor geratu diren itsukeriaren sastrakak itxita, han eta hemen.