INTERNETEN buelta asko eman ondoren lortu dut, azkenik, Nafarroako egunkari batean euskararen inguruan gaztelaniaz (gaztelania bitxia, bide batez) agertu zen zutabe ospe-tsua irakurtzea. Barre egin dut, egia esan, eta haserretu, baina ez hainbeste. Gaur egun edozeini ematen diote idazteko txoko bat edozein egunkaritan (ikus bedi nire kasua) merkea ateratzen delako akaso edo, jende gutxik irakurtzen duenez, gehienetan oharkabean pasatzen delako paperetan agertzen diren hamaika ergelkeria, batek daki.
Iban Zalduak 12 atal duen (Euskal) Zutabegilearen dekalogoa idatzi du (begiratu interneten) zutabegileok ditugun bizioez (ni hemen bizio horietara emana naiz lotsagabeki, euskara, Nafarroa eta zutabegintza bera aipatzen ari bainaiz). Iban Zalduak atal gehiago idatzi beharko luke bere dekalogorako, egunetik egunera handitzen doazelako zutabeetan ikusten ditugun ezjakintasun orokortuak, mengelkeria eztitsuak, iritzi-emate ganorabakoak eta neurekoikeria aspergarriak.
Agian bizio horiek ez zaizkigu zutabegileoi bakarrik egotzi behar, gure gizartearen (barkatu, jendartearen) ezaugarriak dira, besterik gabe, ezjakintasuna (eta jakinduriari mespretxua), mengelkeria (sentikortasun sendotik ihes egiteko), iritzi lasterrak (eta pentsamendu sakonaren eskasia) eta egoismoa (norbanakoaren kontrola disimulatzeko).
Nafarroako egunkari horretako zutabegile narras eta kutreak euskara ahoskaezina iruditzen zaiola aitortzen du (ez du hizkun-tza askorik ezagutuko, are gutxiago hitz egingo, voilà bat agertzen den arren zutabean), baina lortu duela, autobusetan ikustearen ikusteaz, geldialdi eskatua esapidea gogoz ikastea. Zorionak. Hurrengoan bai, ez eta gabon izan daitezke. Errazak dira. Baina zertarako euskara? Hobe beste hizkuntza handiago bat ikas dezan. Nik Varsoviara eramango nuke zuzenean, eta bertan utzi, harik eta hango autobusetan hurrengo geltokiaz abisa-tzeko behin eta berriro, polonieraz noski, ahoz eta idatziz errepikatzen den esapidea ondo ahoskatzen ikasi arte: nastepny przystanek.