EGURREZKO kutxa txiki bat dut etxean, paperez betea, urte zahar gauean irekitzeko. Bakoitzak bere tradiziok sortzen ditu denboraren joan-etorrian erabat ez galtzeko, (oraingoz behinik behin) geure burua nahi dugun moduan engainatzeko askatasuna badugulako.
Kutxako paperetan aldi berrirako nire buruari egiten dizkiodan promesak idazten ditut, promesa bakoitzetik papertxo bana. Erretolikarik gabeko esaldiak dira, zeha-tzak, muinera jotzen dutenak. Zerrenda nahi beste luza zitekeela jakinda, sekula ez dut sei paper baino gehiago idazten. Horrela, ondo pentsatu behar dut idatzi aurretik, eta zuhur jokatu: ez eskuzabalegia errazkerian ez erortzeko, baina ezta miserable ere, tentsioari eutsi nahi bazaio.
Urtean behin baino ez dut ireki-tzen, urte zaharraren bezperan. Urte berrikoak pentsatzeak lana ematen badu ere, askoz gogorragoa izaten da aurreko urtekoak garbi-tzea, idatzita ikustean ohartzen bainaiz zenbat aldiz jan dudan nire hi-tza, eta noraino egin diodan traizioa nire buruari.
Kutxa irekitzea ariketa masokista samarra dela badakit. Zenbaki gorrien aurrean haserretzen den kontable traketsarena gertatzen zait: lerroz lerro errepasatzen ditut idatzitakoak, baina ez, akatsa ez da sekula paperetan izaten.
Betekizun ditudanak kontuan hartuta, bizpahiru promesa baino ez zaizkit tokatzen urte berrirako. Oraindik ez naiz idazten hasi, egia esateko, ez naizelako ausartu.
Urte zaharreko nire kontabilitatea, izan ere, ez da oso orekatua izan. Ez diot erretzeari utzi, adibidez, eta horretan zorretan nago nire buruarekin. Ez dut denbora behar bezala antolatzea lortu, eta benetan axola zaizkidan pertsonei lapurtu egin dizkiet orduak batere garran-tzirik ez duten zereginetan xahu-tzeko. Lehen hutsagatik kaltetuena neu naiz, eta bigarrenetik, ordea, askoz gehiago merezi duten pertsonak. Nire buruarekin ez ezik, horiekin guztiekin ere zorretan nago. Horixe da, beraz, urte berrirako nire promesa behinena.