MORDOR eta Mourdock izenek antzeko ahoskatzeak dituzte. Lehena, Sauron Jaun Beltzak Erdiko Lurrean sortu zuen feudo ilunaren izen beldurgarria da. Eraztunen Jauna istorio hipnotikoaren barruan irakurri genuen izen honek Lur iluna esan nahi du. Gaur egun, gazteen artean entzuna ditut "joan hadi Mordorrera", edota "Mordor baino txarragoa da hori" esapide interesgarriak. Beraz, gaiztakeriaren gotorlekua eta toki txarraren erreferentzia egiten du hitz honek. Eta egia esan, Mordor ahoratu..., eta bai, txarra dirudi. Horrexegatik antzekotasunik gordetzen duen guztiak ere txarkeriaren usaina du, hala nola, Mourdock. Oso paretsuak, dira ezta?

Bigarren izen hau, aste honetan irakurri dut hainbat hedabidetan. Morroi lerdo baten abizena da, eta izena Richard. Bai, AEBtako politikari errepublikarra da. Eta antza denez, aste honetan bertan esandako hitzegatik, Sauron gizakiak sorturiko lur idor eta ilun horretatik munduratu zaigu, ziplo.

Astapito, babalore, buruarin, eltze, ergel, ero, inozo, kaiku, astakirten, pepelerdo, tontolapiko eta sasikume honek esan du "bortxaketak gerta-tzen direla jaungoikoak gerta daitezen nahi duelako". Hortxe perla denigrantea.

Alderdikide batek aurretiaz ere esana zuen, bortxaketa "zilegia" (sic) baldin badago, emakumearen gorputzak badituela mekanismoak ixteko eta haurdun ez gelditzeko. Abortuaren kontrako bere jarrera irmoa adierazteko, horixe esan zuen baboak.

Atera daitezkeen ondorio groteskoak hamaika dira eta guztiak dezepzionanteak. Baina logikoena hauxe: dena jaungoikoren asmoa da.

Beraz, gau hipotetiko batean, Richard Mourdock bere etxera lasai doalarik, frenopatikotik ihes egindako sexu-obsesioak jota dagoen maniako eskizofreniko batek behin eta berriz bortxatzen badu, ez gara laztuko, ez, ezta pentsatu ere, jaungoikoaren nahia da, gogoratu!

Munduak aurrera egiten du arinegi, baina Erdi Aroan bizi garela ematen du anitzetan, burmuin eskas askok ez baitituzte pentsamolde sinestezinak aldatzen, inondik inora. Beraz, segi lasai God bless America oihukatzen.