REAL Madrilek ez dau Kopa txapelketako finala jokatuko baina merengeek merezi ez daben protagonismoa hartu dabe. Athleticek eta Bartzelonak Santiago Bernabeun jokatu gura dabe finala, bertan 85.000 lagun sartzen diralako, baina Florentino Perezen baimena behar dabe. Angel Villar Espainiako futbol federazinoko presidenteak Real Madrileko presidentearengana joko dau honeri erregutuz Santiago Bernabeun egin gura dauzan konponketak atzeratu eta kopako finala bertan jokatzea baimendu daian. Orain arte Real Madrilek Espainiako futbol munduan gura ebana egiten ebala uste bagenduan, Florentino Perezen jarrerak ez deusku ezelango zalantzarik itxi. Santiago Bernabeuko zaleek askatasun osoz oihukatu leikie "Pepe mátalos" eta inork ez dau eskurik hartzen. Ganera, jokalariak bere elastikoa emoten deutse Ultra Sur taldekoei euren babesa eskertzeko. Eta ez da ezer gertatzen, Real Madril dalako.
Kontuak kontu, aste bete inguru itxaron beharko dogu Florentinok eskuzabaltasunez jokatzen dauen jakiteko. Etorkizunari begira, onena litzateke denporaldi hasieran Espainiako Futbol Federazinoak esatea non eta noiz jokatuko dan Kopako finala, beste lehiaketa batzuetan -Txapeldunen Ligan besteak beste- zein beste kirol batzuetan egiten dan moduan.
Antza, Angel Maria Villarrek Florentino Perezen konbenzitzen ez badau kopako finala Mestallan jokatuko litzateke. Horixe dinoe Espainiako futbol federazinotik. Ez dot uste Athleticentzat aukera onena danik. Hasteko, bertan galdu eban azken finala talde zuri-gorriak eta Pep Guardiolaren Bartzelonaren aurka ganera. Hori gitxi balitz, Valentzia Bartzelonatik askoz hurrago dago Bilbotik baino. Hegazkina hartzekotan, goazen Sevillako La Cartujara. Mestallan baino hamar mila ikusle inguru gehiago sartzen dira. UEFAko final bat jokatu zan eta kopako final bi.
Kopako finalaren ganeko eztabaida guztiak lehenbailehen baztertu behar doguz, Athleticen kalterako dira-eta. Betisen aurkako Ligako partiduaren aurretik berba gitxi egin zan Benito Villamarinen jokatu beharreko norgehiagokaren ganean. Kopako finala non jokatuko dan, Bartzelona, Llorenteren kontratu barritzea eta bere etorkizunaren ganean itaundu eutsen Marcelo Bielsari barikuko prentsaurrekoan. Ez dakit kasualitate hutsa dan, baina Athleticek aspaldiko partidurik makalena egin eban Betisen aurka. Baleiteke Kopako finalerako txartela lortu izanaren biharamona igartea. Baleiteke taldeak apur bat nekatuta egotea. Baleiteke taldeak gehiegi nabaritzea Ander Herreraren hutsunea zelai erdian. Faktore asko hartu behar dira kontuan Athleticen porrota ulertzeko. Horreri guztiari Javi Martinezen huts galanta gehitu behar deutsagu. Txartel horia daukan atzelari batek ezin dau defendidu nafarrak egin eban lez. Ganera, beste gol bat luzapenean. Houston: arazo bat daukagu.
Kopa eta Ligea alde batera itxi eta Europa Leagueko partidua jokatuko dau Athleticek eguenean Moskun. Bielsak nobleziaz jokatu gura dau beti eta ziur nago Athleticek bere jokatzeko ereari eutsi egingo deutsala Lokomotiven aurka. Dana dala, gauza bat da nobleziaz jokatzea eta beste bat ganora barik galtzea partiduak edo puntuak. Kasu honetan, Athleticeko entrenatzaileak kontuan euki beharko leuke kanporaketea ez dala Moskun amaituko. Beste partidu bat jokatu beharko dabe San Mamesen eta, noizean behin baino ez bada, ondo legoke markagailuari begira joka-tzen jakitea.
Amaitu aurretik, aztertu daiteke Beñat Etxebarria Athleticera ekartea? Ikaragarri hasi da Bilbotik urten ebanetik eta plantilarako jokalari interesgarria dala uste dot. Hogetalau urte baino ez daukaz eta Arratiakoa da.