Gaurkoa egun handia izan daiteke, dino abesti batek. Hasiera baten, martitzena ez da egunik aproposena historia egiteko baina Athleticek Kopako final baterako txartela eskuratzeko aukera dauka gaur San Mamesen Mirandesen aurka. Athleticek Kopako final bat jokatzearen dimentsinoa neurtzea ez da bape erraza, alde sentimentala aztertzen badogu. Izan be, Athletic futbol talde bat baino gehiago da zaleontzat. Sentimentu bat da. Badira, sentimentu hori ulertzen ez dabenak eta irrazionaltzat joten dabenak. Forofogoitia deitzen deuskue, zoratuta gagozala ganeratuz. Athleticek geure barruan sortzen dauena eta txikitatik erakutsi deuskuen sentimentu hori ulertzen hasteko aukera bikaina daukie gaur San Mamesen. Gauza ederra da benetan. Hondino gogoan daukat Sevillaren aurkako kanporaketako bueltako partidua. Sanchez Pizjuanen gol bigatik galdu ostean finalerako bidea aldats gora eukan Athleticek. Katedrala irikitan egoan lehen minututik eta lehen zati majiko baten Caparrosen gizonek bueltea emon eutsen markagailuari. Ez dot inoiz ahaztuko orduan bizi izandakoa. Eta Sevillaren aurkakoa ederra izan bazan, zer esango deutsuet Valentzian jokatutako finalaren ganean. Egia esateko, Kopako final baten iraupena ez da larogeta hamar minutukoa, egunetakoa, asteetakoa baino. Itzela, ederra, bikaina, zirraragarria izan zan esperientzia eta zelan ez, barriro bizi gura dogu.

Kopa txapelketako zozketea egin zanetik zaleak bizituta dabilz finala jokatzeko aukera handiak ikusten dabezalako. Azken urratsa falta da, baina. Athleticek ondo bideratuta dauka Mirandesen aurkako kanporaketea joaneko partiduko emaitzeagaz. Lanak, ostera, amaitu barik dagoz, gol bat jaso gendualako luzapenean Anduvan eta arbitroak gol bi balio barik itxi ebazalako. Kontuak kontu, Athleticek ezin dau huts egin gaur San Mamesen eta ez dau huts egingo. Marcelo Bielsaren gizonek garbi daukie zer dagoan jokoan eurentzako, klubarentzako eta zaleentzako.

Kanporaketea ondo bideratuta badago be, oker handia izango litzateke erabagita dagoala pentsatea. Mirandesek ez dauka zer galdurik eta presino barik ekingo deutso gaurko partiduari ezustekoa emoteko helburuagaz. Eskertzekoa izango litzateke kanporaketea lehenbailehen geratzea erabagita eta bigarren zatia edo azken ordu erdia ospakizunetarako uztea. Izan be, orain arte ikusitakoaren arabera, Athleticek ez daki emaitzeari begira jokatzen. Marcelo Bielsaren taldeak bardin jokatzen dau beti eta txalotzekoa eta goraipatzekoa da koherentzia hori. Ni ez naz inor zure etxean sartzeko Bielsa jauna baina taldeak zer edo zer ez dau ondo egiten azken minutuetan hainbeste puntu galtzeko. Entrenatzaileak dino erasora jokatzea eta baloiaren jaube-tzea eukitea dirala defenditzeko modurik onenak. Athleticek nobleziaz eta espekulau barik jokatzen dau beti. Oso ondo, eta gustura gagoz gure taldearen jokoagaz. Dana dala, jokalarien lana defenditzea eta erasotea bada, lehentasuna bateri ala besteari emon behar jako emai-tzearen eta unearen arabera. Espanyolen aurka 3-2 irabazten joanda luzapenean, ez da oso logikoa Athleticeko hiru jokalari joatea baloi luze baten bila. Ganera ez da lehenengo aldia. Kontuak kontu eta ikusitakoa ikusita ea finalaurrekoa erabagita geratzen dan lehenengo zatirako. Badaezpadan be.

Athletic Kopako finalerako sailka-tzeko zorian eta kalean Llorenteren etorkizunaren ganeko eztabaidea. Orain arte inor gitxik ekian zer eskatzen eban aurrelariak kontratua barriztuteko. Orain be, jakin, ez dakigu baina plantilako jokalariren batek Rayo Vallecanoren aurkako partiduko baloian -Llorentek etxera eroan eben hiru gol sartu eta gero- jarritakoaren arabera, Athleticek ahalegin itzela egin beharko dau aurrelaria asetzeko. Datorrena datorrela, baina gaur beste hiru gol sartu daiazala.