Aspaldi honetan ez da erraza albiste pozgarriak aurkitzea hedabideetan. Mundua ez doa ondo, antza, -ez da kontu barria- krisi ekonomikoa gero eta sakonagoa da eta etorkizuna baltza erakusten deuskue. Depresino egoera horretan, Athleticek poztasunak emoten jarraitzen dau. Llorente eta enparauek ez dabez gure arazoak konponduko baina iluntasunari aurre egiteko argi izpi batzuk igortzen deuskuez.
Athleticek balio handiko garaipena eskuratu eban astegoienean Vallecasen. Marcelo Bielsaren taldeak aspaldiko partidurik makalena egin eban baina talde honek barriro erakutsi dau irabazten dakiela ondo jokatu ez arren. Eta hori oso garrantzitsua da sailkapeneko goialdean egon gura dauen taldearentzat.
Oztopo ugari aurkitu ebazan Athleticek Vallecasen. Zelai istua, San Mames baino hiru metro istuagoa, eta bedartza irregularra hasteko. Ganera, Sandovalen taldeak ehuneko 120 emon eban Athleticen aurrean, jokalariek ondo baino hobeto dakielako etxeko puntuak lortzea ezinbestekoa dala lehen mailari eusteko. Hau guztia gitxi balitz, Javi Martinez, De Marcos, Herrera eta Muniain barik jokatu eban Athleticek. Taldeak nabarmen igarri eban lau jokalari honeen faltea, euren ordez jokatu ebenen lana gitxietsi barik. Errotazinoak egin egin behar dira baina talde baten ia erdia aldatzea egun batetik bestera gehitxo dala uste dot.
Faktore honeek guztiak kontutan hartuta eta Rayo Vallecano markagailuan aurreratu ostean, partidua oso ilun jarri zan zuri-gorrientzat. Halakoetan, baina, biziki eskertzen da killer edo goleatzaile peto bat eukitea taldean. Arribas eta Mikel Labaka, Rayo Vallecanoko zentralek gorputz eta arima jarri eben Llorente geratzeko baina euren ahalegina ustela gertatu zan. Errioxarrak itzel jokatu eban eta berari eta berak sartutako hiru golei esker irabazi eban Athleticek Vallecasen. Hori gitxi balitz, laugarren gol bat sartzeko zorian egon zan aurrelaria. Athleticek ez eban besterik egin. Nahiko eta lar hiru puntuak ekarteko Bilbora.
Fernando Llorente gizon erabagigarria da Athleticen. Hori inork ez dau zalantzan jartzen. Aurrelariaren kontratua datorren urteko ekainean amaitzen da eta oraindino ez dau akordiorik adostu klubegaz lan hitzarmena luzatzeko. Jokalariak esan dau Athleticen jarraitu gura dauela eta klubeko agintariek be garbi daukie Llorente Athleticen ikusi gura dabela. Alde biek akordio batera heldu gura dabe baina emoten dau batak eskaintzen dauena eta besteak eskatzen dauena nahiko urrun dagozala. Betiko kontua. Noraino heldu behar da Athletic Llorente taldean mantentzeko? Jokalariak eskatzen dauena emon behar al deutso gaur egun ordezkaezina dala kontuan izanda? Garbi dago alde biek ahalegin bat egin behar dabela baina Fernando Llorentek benetan erakutsi behar dau Athleticen jarraitu gura dauela. Seguruenik diru gehiago irabazi leike Premier Leagueko talde baten baina argi euki daiala, Liverpool, Chelsea edo beste talderen baten ez dauela eukiko Athleticen daukana.
Finalerako txartelaren lehen zatia eskuratzeko aukera dauka Athleticek gaur Anduvan. Milaka Athletic zaleren ilusinoa dago jokoan. Forofogoitia askok eta askok antolatuta daukie finalerako bidaia, non eta noiz jokatuko dan jakin barik. Polita da jentea ilusinoz beterik ikustea Athletic kopako final barri baten atarian dagoalako. Dana dala, finala jokatzeko Mirandes kanporatu behar da eta horretarako ezinbestekoa da apaltasunez ekitea kanporaketeari eta eurek beste ilusino, gogo eta grina ipini zelaian. Andoni Iraolak esan dauen legez, ezin dogu huts egin.