Athletic zale guztiok ilusinoz beterik gengozan Santiago Bernabeuko partiduaren atarian, taldeak partidu ona egingo ebala uste gendualako. Gure usteak ez dira ustelak izan, Athleticek partidu bikaina egin ebalako Real Madrilen aurka. Dana dala, aurten be garbi geratu da Santiago Bernabeun irabazteko ondo jokatzea eta etxeko taldea baino gehiago izatea ez dala nahikoa. Historiak sarritan erakutsi deusku koliseo merengean gauza asko gertatzen dirala eta ia beti Real Madrilen alderako.

Talde zuri-gorriak ez euskun huts egin. Bielsaren taldeak partiduaren bila urten eban zelaira eta lehenengo zatian errepaso ederra emon eutsan Espainiako Ligea irabazteko hautagai nagusiari. Hori gitxi balitz, markagailuan aurretik jarri zan eta aldea handitzeko aukerea be euki eban. Baloi jaubetzea zuri-gorriena zan Santiago Bernabeuko harmailetan bildutako zaleen haserrerako. Ikaragarria eta ederra benetan Athleticek lehen zatian erakutsitako jokoa. Giroa garraztuta egoan harmailetan etxeko taldearen ezina eta aurkariaren nagusitasuna ikusita. Mourinhok txistu zaparrada itzela entzun behar izan eban. Egoerea aurre egiteko garbi egoan merengeek sakakadatxu bat behar ebela eta zelan ez, arbitro jaunak ondo ulertu eban mezua. Mateu Lahoz Real Madrileko entrenatzailearen gustuko arbitroa da. Zelan ez da izango ba!!! Bigarren zatiko hogeta hamargarren segundoan adierazotako penaltia oso, oso eztabaidagarria izan zan. Iturraspek Kakagaz euki eban lehian brasildarrak bota egin eban bere burua area barruan eta arbitroak penalti adierazo eban. Normalean Mateu Lahozek ez dau ezer adierazten horrelako jokaldietan. Espanyol eta Mirandesen arteko partiduan ez eban penaltirik ikusi atzelari perikito batek Carlos Pousoren aurrelari bateri eginiko sarreran.

Athleticek arbitroen erabakiengatik galdu ebala esatea, agian gehiegi litzateke. Edozelan be, Mateu Lahozek nabarmen lagundu eutsan Real Madrileri. Parkatu egin eutsan bigarren txartel horia Cristiano Ronaldori, ez eban adierazo Sergio Ramosek Ibai Gomezi eginiko penaltia, ezta Real Madrilen laugarren goleko jokaldiaren hasieran Ramosek Muniaini eginiko faltea. Iturrasperi penalti adierazo eutsan Kakagaz borrokan egiteagaitik area barruan eta Sergio Ramos zein Xabi Alonsori nahi beste falta egiten itxi eutsen. Arbitro honek sinisgarritasun guztia galdu dau.

Esan beharrik ez dago azken emaitzak ez dauela islatzen zelaian gertatutakoa. Athletic zale guztiak harro gagoz Santiago Bernabeun ikusitakoagaz. Sare sozialetan gehien irakurten zan berbea harrotasuna zan. Kontrakoa pentsa badaiteke be, Real Madrilen aurka galdu izana ez da atzerapausu lez hartu behar. Marcelo Bielsaren taldea bloke sendoagoa da partidurik partidura eta ederto jokatzen dau futbolean aurkaria sailkapeneko lehenengoa zein azkena izan, etxean zein etxetik kanpo.

Liga txapelketako lehia alde batera itxi eta Kopa txapelketako final aurrekoetarako txartela eskura-tzeko erronkeari ekingo deutse zuri-gorriek bihar Mallorcan. Inork ez daiela pentsa San Mamesen 2-0 irabazita Athleticek markagailura begira jokatuko dauenik. Marcelo Bielsak argi eta garbi esan dau zuri-gorriek garaipenaren bila urtengo dabela Iberojet estadioan. Athletic hau horrelakoa da eta gustuko dogu. Ikusteko dago zelan dagoan Fernando Llorenteren belauna. Real Madrilen aurka ez eban partidua amaitu eta ez dau atseden handirik izango errekuperatzeko. Zelaian behar dogu.