Partidu eskasa jokatu eban Athleticek Mallorcaren aurka. Bielsa iritsi zanetik jokatu dauen partidurik txarrenetarikoa, txarrena ez bada. Dino Joaquin Caparrosek, Athleticek txarto jokatu izanaren meritua Mallorcarena dala, ez eutsalako itxi bere betiko jokoa egiten, futbol zuzena egitera bultzatuz. Ez dakit nik horregaitik izan zan ala jokalari zuri-gorriek alboko aulkian Joaquin Caparros ikusi eta nahastau egin ziralako. Bielsak irakatsitako gauza guztiak ahaztu eta aurreko lau denporaldietako joko lainotsuan barneratu ziran. Kontuak kontu, Caparros efektua igarri zan bedartzan.

Domekako partiduak barriro erakutsi deusku Athletic ez dabilela fin azken bolada honetan. Sevillan garaipen bikaina lortu ebanetik, Bielsaren taldea ez dabil ondo joka-tzen eta arazo itzelak daukaz gol aukerak sortu eta aurkaria mendean hartzeko. Zuri-gorriek galdu egin eben Granadaren aurka, izerdi asko botata irabazi eben Bratislavako Slovanen aurka eta partidu benetan eskasa jokatu dabe Mallorcan, ia gol aukerarik sortu barik. Ganera, bigarren zatietan Bielsak hamaikakoan eginiko aldaketek ez dabe eraginik izaten. Entrenatzaile argentinarra ez da gauza aulkitik taldearen jokoa berbizteko. Aurkarien atzealdeak erraz zulotzen ebazan laban zorrotza amuztu egin jake zuri-gorriei.

Athleticek erasoan dituen arazoak aztertzeko orduan, Fernando Llorenteren izena agertzen jaku. Taldeko golegile eta erasoko jokoaren erreferente nagusiak aspalditik arazoak ditu belaunean eta ezin izan dau bere benetako mailea emon. Mallorcaren aurka ez eban jokatu eta Athleticen jokatzeko moduan iraultzea egon bada be, garbi geratu da Llorenteren parte hartzea ezinbestekoa dala, aurreko denporaldietan lez. Aurrelariak atsedena behar dau belauna bere onera ekarteko eta aukera ezin hobea dator. Oviedo, Racing eta Paris Saint Germainen aurka atseden izan ezkero beste aste bi kateatuko leukez jokatu barik gabonetako etena dala-eta. Urtarrila oso gogorra dator eta Llorente bere onenean behar dau taldeak.

Horregaz batera, taldeko jokalari zorrotzenak, Muniain eta Herrera, ez dabilz fin azken partiduetan, nafarra batez be. Denporaldi hasiera bikaina egin ostean, Txantreakoaren errendimenduak behera egin dau. Txispa galdu dau eta taldeak igarri egiten dau. Ez gara larritu behar. Mutilak hamazortzi urte baino ez daukaz eta ezin dogu itxaron partidu guztietan erabagigarri izatea.

Marcelo Bielsak ondo baino hobeto errazoitzen dauz bere erabagi guztiak. Alde horretatik, berak jakingo dau zergaitik atzeratu dauen Javi Martinez erdialdetik atzealdera. Aiegiko mutilak ederto beteten dau bere lana atzealdean baina protagonismoa galdu dau taldearen jokoan. Ez naz inor Bielsaren kontuetan sartzeko baina Athleticek eskertuko leuke Javi Martinezen indarra eta kemena zelai erdian. Ganera, Borja Ekizak zein Mikel San Josek ondo bete leikie haren lekua Amorebietaren alboan.

Euskerearen nazinoarteko eguna ospatu genduan zapatuan eta gaurkolako egun baten, 1990 urteko abenduaren 6an, kaleratu zan Euskaldunon Egunkariaren lehenengo alea. Javier Clemente, Athleticeko orduko entrenatzaileari egin neutsan alkarrizketea agertu zan egun historiko horretan. "Abentail bat daukazu: gura dozuna idatzi zeinke ez dot ulertuko-eta" esan eustan barrezka Barakaldokoak. Nik ez neban barrerik egin. Hogeitabat urte igaro dira eta gauzak aldatu egin dira, esparru guztietan lez. Zorionez, Athleticeko gero eta jokalari gehiagok dakie euskeraz berbetan, klubaren web orria elebiduna da, mezuak euskeraz jasoten doguz eta abar. Sarritan, ostera, uste dot euskerarekiko eguneroko jarrerea ez dala aldatu kirol munduan. Danok maite dogu euskerea, danok dinogu jagon eta bultzatu egin behar dala eta abar. Egunerokoan, ostera, enberazo egiten deusku sarritan. Hondino be, prentsaurreko batzuk erdera hutsean emoten dira eta erregutu egin behar dogu euskerazko berba batzuk jasoteko. Bratislavako Slovanen aurkako partiduaren osteko prentsaurrekoan Bizkaia Irratirako berbetan nenbilela, kazetari batek itaundu eustan eslovakiarra nintzanentz. Gauzak ez dira askorik aldatu.