Arpegiko gogorra jaso genduan Athletic zaleok domekan San Mamesen. Inor gitxik uste eban, Bartzelona, Valentzia, Sevilla edota Atletico de Madridek lortu ez ebena lortzeko gauza izango zanik Granada. Fabriciano Gonzalez sargentu txuskeroaren taldeak, ostera, hiru puntuak eskuratu ebazan Katedralean. Igo barri baten aurka etxean galtzea gogorra bada, are gogorragoa aurreko domekan Sevillaren zelaian bikain jokatu eta irabazi ondoren. Edozelan be, Granadaren aurkako partiduan gertatutakoa istriputzat jo behar dogu eta ez dogu galdu behar Marcelo Bielsaren taldearengan dogun konfiantzea.
Domekan jasotako porrotari garrantzi handiegirik emon ez arren, Bielsak eta bere gizonek ondo aztertu behar dabe gertatutakoa, ez da lehenengo aldia-ta. Izan be, argi geratu da zuri-gorriek arazo itzelak daukiezala San Mamesera defenditzera datozan taldeen aurka. Hortxe dagoz Trabzonspor, Rayo Vallecano, Betis, Salzburgo eta Granadaren aurkako partiduak. Baloia eukiteari eta jokatzeari uko egiten deutsen taldeak menderatzea oso nekeza eta gatxa dala aitortu arren, Bielsak bideren bat aurkitu beharko dau arazoa gainditzeko. Sailkapeneko goialdean egon gura dauen taldeak ezin dau puntu askorik galdu etxeko partiduetan eta are gitxiago aurkari ahulen aurka. Beste era batera esanda, Athleticek ezin dau hainbeste puntu galdu etxean bigarren mailatik igo barriak diran taldeen aurka. Aurtengo Athleticen ganeko eretxia ez da aldatu behar Sevillan irabazi ala Granadaren aurka San Mamesen galdu ostean. Hori bai, txarto egindakotik ikasi egin behar da eta domekakoalako istripuak ezin dira errepikau.
Estadistikak apurtuteko dagozala dinoe. Athleticek hamazortzi urteko bolada txarra apurtu eban Sevillan eta Granadak be garaipena eskuratu eban San Mamesen, hamazazpi partidutan hamabost bider galdu eta gero. Athleticek Undiano Mallencogaz daukan bolada txarrak, ostera, ez dauka amaierarik. Epaile nafarrak hogeitazazpi partidu zuzendu deutsaz talde zuri-gorriari eta hamalautan galdu egin dabe.
Domekako istripua lehenbailehen ahaztu eta aurrera begira jarri behar gara. Liga txapelketari jagokonez, hiru partidu jokatuko dabez Bielsaren gizonek urtea amaitu baino lehen eta horreetariko bi San Mamesen jokatuko dabez Santanderko Racing eta Zaragozaren aurka. Ustez, irabazteko moduko partiduak izan arren, Granadaren aurka gertatutakoak ikasgai lez balio behar dau. Aitamen berezia merezi dau datorren domekan Athleticek Mallorcan jokatuko dauen partiduak. Ezin dot inoiz ahaztu Athleticeko jokalariek fraka berdeakaz jokatuta Son Moixen jaso eben gol zaparradea. Beste alde batetik, ezin dogu ahaztu Joaquin Caparros dala egungo Mallorcako entrenatzailea. Utrerakoak ondo baino hobeto ezagutzen dauz Athleticeko jokalariak eta bere arma guztiak erabiliko dauz hiru puntuak eskuratzeko. Lagun batek dinost , ez deutsala ikararik partidu honeri. Caparros tartean egonda, ostera, kontuz ibili beharko dira Bielsaren mutilak. Ez dot ahaztu gura Bratislavako Slovanen aurkako partidua. Multzoko lehen postua dago jokoan eta Athleticek lehenbailehen konpondu behar dau Granadaren aurka okertutakoa. Ea zaleriak erantzuten dauen.
Amaitu aurretik, besarkada handi bat Carlos Gurpegiri. Bide luzea dauka aurretik baina argi daukat Andosillakoak ez dauela amore emongo. Eguenean ebakuntzea egin, zapatu goizen sendagiria jaso eta Lezaman agertu zan eguerdian denporarik galdu barik. Gurpegi eredu lez erabili beharko leukie Athleticeko behe mailetako taldeetan. Azkenik, ikaragarria benetan Iñigo Martinez ondarrutarrak Benito Villamarinen sartu eban gola. Zorionak txo!