Athletic zalea naz eta oso harro nago! Bartzelonaren aurkako partiduan geure betiko Athleticen nortasunaren sustraiak ikusi genduzan. Europako txapeldunak ezin izan eban irabazi Katedralean eta sufridu egin eban ez galtzeko. Aurretik iragarritakoa betetuz, Athleticeko jokalariek eutsi egin eutsen euren jokatzeko ereari eta ez ziran kikildu munduko talderik onena aurrean izan arren. Marcelo Bielsaren gizonek duintasunez jokatu eben, gogotsu, grinatsu eta kiroltasun osoz. Azkenean, hiru puntuak eskuratzeko aukerak esku artetik iges egin arren, domekakoa egun handia izan zan Athleticen familia osatzen dogun guztiontzat. Gure harrotasunak bultzada ikaragarria hartu dau.

Egia esateko, Bartzelonaren aurkako partiduan ikusitakoak ez ninduen ezustean harrapau. Aurreko asteko kronikan esaten neban lez, konfiantza osoa daukat talde honetan eta "Aquest any si" bete ez bada be, Athleticek esku-eskuan euki dau garaipena. Bielsarena konplexu bako taldea da eta jokalariek sinistu egiten dabe edozein aurkariri irabazteko gauza dirala. Horregaitik ez zan ezustekoa izan Herrera, Susaeta, Llorente, Muniain eta enparauak erasora jokatzen ikustea Bartzelona indartsuaren aurka. Alde horretatik, Athleticen lehenengo gola oso adierazgarria izan zan. Herrerak sartutakoa gol bikaina izan zan, sorreran eta amaieran.

Ederra benetan Fernando Llorentek egindako lana. Aurrelariak gorputz eta arima ipini ebazan zelai ganean eta Pique eta Mascherano larri ibili ziran erraldoi zuri-gorria geratzeko. Ederra baita, Muniain eta Abidalen arteko lehia. Eta hori guztia, kiroltasun osoz. Lekuz kanpoko ostikada barik, denpora galtze barik eta ganorabako ika-mika barik. Nire uste apalean, alde hau oso garrantzitsua da. Guardiola gustukoa neban jokalari lez eta mirestu egiten dot entrenatzaile lez. Eta ez bakarrik bere taldeak futbolean ederto jokatzen dauelako. Domekakoalako partidu ederra imajinauezina da Mourinho, Ronaldo, Pepe edota Sergio Ramosen Real Madrilen aurka.

Athleticeko jokalariek zazpi partidu jokatu dabez azken hiru asteetan eta ez dabe bat bera be galdu. Aurreko eguenean Salzburgen jokatu eta irabazi ostean, eta Bar- tzelonaren aurka jokatzeak eskatzen dauen esfortzua kontutan izanda, Bielsak bigarren zatian aldaketak egingo ebazala eta egin behar ebazala uste genduan. Entrenatzaileak ostera, partidua amaitzeko bost minutu geratzen zirala egin eban lehen aldaketea. Erabagi horretarako argudioa, erabat sendoa: "Ez neban ikusi inor txarto jokatzen edo korrika egin barik".

Orkestako musikariei ospakizuna amaitu eta gero ordaindu behar jakela esaten eban Luis Fernandezek. Denporaldia ez da amaitu baina Liga txapelketan dagoan etenaldiak lehen balorazinoa egiteko aukerea emoten deusku. Bielsaren taldeak hamar partidu daroaz erreskadan galdu barik eta gehienetan ondo jokatuta ganera. Ligan makaltxu hasi arren, taldeak gorantz egin dau eta hiru puntura daukaz Europako postuak. Europa Leaguen final hamaseirenetarako sailkatuta dago taldekako faseko jardunaldi bi jokatzeko dagozanean. Emaitzak onak izanda, Bielsaren taldearen onena etorteko dagoala esan geinke. Athleticek itxuraldaketa bikaina izan dau eta jauzi hori emotea kosta egin bajako be, etorkizun oparoa datorrela emoten dau. Taldeak argi dauka zelan jokatu behar dauen eta garbi geratu da Athletic edozein aurkariri irabazteko gauza dala, ondo jokatuta ganera. Aurkariek errespetu handia deutsie talde zuri-gorriari.

Amaitzeko, zorionak Roberto Zengotita eta bere enpresako beharginei San Mamesko bedartzea bikain jagoteagaitik.