ARRANTZALEEK dinoe ipar-ekialdeko haizea txarrena dala arrantzan egiteko. Edozelan be, haizea lagun izan ez arren ez dabe amore emoten. Antzeko zeozer gertatzen jako Athletici. Lehen plantilako hamar jokalari ditu lesionaurik Bielsak baina taldeak aurrerantz jarraitzen dau. Esan beharrik ez dago lehoiek ez ebela ondo jokatu Sportingen aurka. Alde horretatik, oso adierazgarria da taldeko jokalaririk onena Gorka Iraizoz izan izana. Athleticek, baina, ez eban galdu eta zortzi partidu daroaz erreskadan galdu barik. Sailkapeneko goialdean egon gura dauen talde batentzat oso garrantzitsua da emaitza positiboak lortzen jakitea ondo jokatu barik be, Bartzelonak Granadan edo Real Madrilek Anoetan egin eben lez.
El Molinonen lortutako puntuak garrantzi handia dauka. Gurpegi, Amorebieta eta Javi Martinez lesionaurik egotea gitxi balitz, Ekizak zelaia itxi behar izan eban, Llorente herrenka eta Muniain leher eginda. Athleticek, ostera, ez eban galdu.
Ligako lehen laurena beteta, Athleticek badauka zer hobetu, defenditzeko orduan batez be. Iturraspek, Ekizak, San Josek, Iraolak eta enparauek sendotasun handiagoa erakutsi behar dabe, area barruan batez be. Gogorrago sartu behar dira Barral lako luki zahar eta maltzurrei aurre egiteko. Iturraspe odoletan itxi eban Bilicek eta Barralek sakakada itzela emon eutsan Sportingen garaipenaren gola lortzeko zorian egon zan jokaldian. Falta garbia izan zan, bai, baina arbitroak ez eban adierazi eta eskerrak Iraizozi. Atezainaren lan onak aitamen berezia merezi dau. Beste alde batetik, Osasunaren aurkako partiduan agirian geratu zan lez, Athleticeko atzelariek gehiegi sufriduten dabe baloi luzeetan.
Hurrengo partiduetara begira ipini aurretik ez dot ahaztu gura Atletico de Madrilen aurkakoa. San Mamesko esentzia dastatzeko aukerea euki genduan. Euria parra-parra goitik behera eta Athletic bikain zelaian. Zuri-gorrien bigarrena geure estilokoa izan zan. Kontraeraso azkarra, baloia hegalera, lehen ikutuan erdiratu eta burukada bikaina. Hori da hori gure betiko Athletic!
Aurrera begira, ipar-ekialdeko haize hotzak gogor astintzen dau gure ontziaren brankea. Athleticek Salzburgen jokatuko dau etzi eta Bielsak Bilbao Athleticera jo beharko dau deialdia osotzeko. Ocio, Castillo, Igor Martinez, Gurpegi, Javi Martinez, David Lopez, Ekiza, De Marcos eta Gabilondo lesionauta, Ramalho, Seguin eta Guillermo Fernandezen artean aukeratu beharko dau. Horreek dira Europako Ligan jokatzeko B zerrendan agertzen direnak. Itxaron egin beharko dogu nortzuk jokatuko daben ikusteko baina ziur egon gaitezke Athleticek bere estiloari eutsiko deutsala.
Eguraldi iragarpenen arabera, euria nagusi izango da hurrengo asteburuan Euskal Herrian. Atletico de Madrilen aurkako partidu bikaina ikusita, ia Bartzelonaren aurkako partiduan be eguraldia lagun dogun. Dana beharko dogu Guardiolaren mutilei irabazteko. Bartzelonari irabaztea oso gatza izango dala jakin arren, Athletic zaleok inoiz baino konfiantza gehiago dogu gure taldean. Aquest any si!