Izenburu honen helburua ez da Osasunaren aurkako partidua berotzea, Josu Urrutia presidenteak aurreko astean esandakoa gogoratzea baino. Batzar nagusian giroa beroa egotea itxaroten ebanentz itaunduta, Urrutiak erantzun eban Athleticen giro beroa San Mamesen bakarrik egon behar dala. Bete betean asmau eban presidente karguan dagoanak. ("Ni ez naz presidente. Presidente nago bazkideek aukeratu nabelako"). Bake giroa bizi da Athleticen. Batzar nagusia egin baino lehen gauza bi eskatzen nebazan brankaganetik eta biak bete dira. Alde batetik, argi eta garbi geratu da zein dan Athleticen egoera ekonomikoa. Bi gehi bi lau dira eta txuletea jan ezkero ordaindu egin behar da. Artotxoriak ezin dira behi lez saldu ezta berdelak hegaluze lez, urruneko lehengusuak izan arren.
Erakunde baten ardurea daukan giza taldeak kudeaketea zuzen egiteaz gain, egindakoa ondo azaltzen jakin behar dau, herritarrek eta Athleticen kasuan, bazkideek, ondo ulertu daien zer egin dan, zelan eta zergaitik. Bazkideen ordezkarien babes zabala jaso dabe Josu Urrutia eta bere zuzendaritza batzordeko kideek. Ganera, ez da eztabaida garratzik egon, besteak beste, zer eztabaidatu askorik ez egoalako. Gauzak oso argi eta garden azaldu dabez Jabi Aldazabalek eta Alberto Uribe-Etxebarriak.
Beste alde batetik, pozik entzun genduzan Urrutiaren zein Aldazabalen azalpenak euskeraz. Horixe da bidea. Dana dala, hondino be bide luzea dago egiteko euskerearen erabilerea zabaltzeko eta sustatzeko Athleticen. Adibidez, datorren astean Athletic Salzburgoren aurka jokatuko dau Europa Leaguen eta partidu atariko prentsaurrekoan ez dogu euskerarik entzungo, Bielsak eta Gurpegik erderaz bakarrik egiten dabe-eta. Gauza bera gertatu zan Bratislavako Slovan eta Paris Saint Germainen aurka jokatu aurretik. Aukera bikaina galtzen dogu geure hizkuntza ederra Europan erakusteko.
Joan dan martitzenean hunkitu egin nintzan Españako eta Eskoziako futbol selekzinoek jokatu eben partiduaren atarian. Azaldu beharrik be ez dago La Rojak ez deustala emozinorik eragiten... Enbidia euki neban Eskozia, estatubako nazinoa, Eurokoparako sailkatzeko partidua jokatzen ikusita, eta Españaren aurka ganera. Hunkitu egin nintzan McGregor eta bere taldekideak Flower of Scotland ereserkia abesten ikusi eta entzun nebazanean. Entzun, bai, ze Eskoziako jokalariek gogo-tsu abestu ebelako. God save the Queen inperioko ereserkia ingelesentzat itxi eta 1314 urtean eskoziarrek Eduardo II.a errege ingelesaren ejertzitoaren aurka lortutako garaipena gogoratzen dauen Eskoziako lorea abestu eben. Zelako enbidia! Ez dogu itxaropena galdu behar.
Athleticera itzulita, Marcelo Bielsaren taldeak gainditu bako azterketa bat dauka. Izan be, zuri-gorriek ez dabe Ligan garaipenik eskuratu San Mamesen. Aukera ederra daukie astelehenean Jose Luis Mendilibarren Osasunaren aurka. Inork ez daiela pentsa Paris Saint Germain eta Realaren aurka irabazita, mamu guztiak desagertu diranik. Athletic sailkapeneko beheko aldean dago hondino eta sailkapenean gorantz egin gura ezkero ezinbestekoa da etxeko partiduak irabaztea. Eta esan beharrik ez dago Osasuna aurkari gogorra izaten dala beti, are gehiago Jose Luis Mendilibarrek zuzenduta.
Azkenik, gaur jakingo dogu zein talderen aurka jokatuko dauen Athleticek kopako lehen kanporaketea. Bateren batek, azalduko eutsan Marcelo Bielsari zelako garrantzia daukan lehiaketa horrek Athleticentzat.