ASTE bete igaro da azkenengoz brankaganetik kikuke ibili ginanetik eta gauzak ez dira askorik aldatu. Athleticek polito jokatzen dau baina ez dau garaipenik eskuratzen. Oraingo honetan behintzat, puntu bat eskuratu dabe zuri-gorriek Vila-realen aurka. Bada zer edo zer, aurreko lauretan puntu bakarra lortu eta gero. San Mamesen jokatutako partiduak irakurketa bikoitza sortzen dau. Juan Carlos Garridok zuzentzen dauen taldearen aurkako norgehiagoka bakarrik aztertu ezkero, Athletic zaleok pozik eta itxaropentsu egon gaitezke. Marcelo Bielsaren taldeak baloiaren jaubetzea eukiteaz gain, aurkariak baino gol aukera gehiago sortu ebazan. Ez daigun ahaztu Vila-real Txapeldunen Liga jokatzen dabilela. Beraz, ez da edozein aurkari. Ganera, aurreko denporaldietan erakustaldi ederrak egin dauz urpeko horiak San Mamesen. Aurten, ostera, Athleticen mendean egon da eta Rossi, Nilmar eta enparauak pozik joan dira lortutako puntuagaz.
Beste alde batetik, domekako partidua Athleticek denporaldi hasieran emaitza aldetik daroan bolada txarraren barruan kokatzen badogu eta sailkapenera begiratzen badogu, urduritu egin gaitezke. Marcelo Bielsak zuzentzen dauen taldeak puntu bi baino ez dauz lortu lehen bost jardunaldietan, sailkapeneko azken postuetan dago eta ez da Rayo, Espanyol, Betis, Malaga eta Vila-reali irabazteko gauza izan, partidu gehienetan aurkaria baino gehiago izan arren.
Kontuak kontu, argi dago bakoi-tzak gura dauen irakurketea egin leikela. Zale batzuk botilea erdi beterik ikusi leikie eta beste batzuk, ostera, erdi hutsik.
Marcelo Bielsak Athleticera iritsi danetik behin baino gehiagotan erakutsi dau badakiela autokritika egiten eta partidu osteko balorazinoetan ez da atxaki bila ibilten. Vila-realen aurkako partiduan garaipena lortu ez arren, Athleticeko entrenatzailearen eretxiz orain arteko partidurik onena jokatu eben zuri-gorriek. Ganera, itxaropentsu agertu zan etorkizunari begira, hondino be zer hobetu badagoala jakin arren. Rosariokoaren esanetan, taldea ez dago kondenauta.
Beraz, Athleticek bizi dauen egoerearen aurrean irakurketa positiboa ala negatiboa egin geinke. Izan be, botilea erdi hutsik ala erdi beterik ikusteko argudioak dagoz. Marcelo Bielsak partidu osteko prentsaurrekoan esan eban legez, irakurketa baikorra ala ezkorraren artean aukeratu behar badogu ez dago zertan bide ezkorretik abiatu. Malaga eta Vila-real mendean hartzeko -joko aldetik behintzat- gauza izan dan taldeak ez leuke arazorik izan behar zulotik urteteko. Zaleok itxaropenari eutsi behar deutsagu. Ez dogu besterik.
Baikor ala ezkor izan arren, danok dogu urduritasun apur bat barruan eta antsiolitikorik onena garaipen bat lehenbailehen lortzea izango litzateke. Aurkariak, baina, ez dira edozelakoak. Eguenean Paris Saint Germain aberatsa San Mamesen eta domeka eguerdian, Kontxako estropadak jokatzen diran orduan, Realaren aurka Anoetan. Marcelo Bielsaren taldeak ezin dau huts egin. Ondo jokatzea ez da nahikoa izango. Irabazten hasi behar da. Alde horretatik, garbi dago ondo jokatuta errazagoa dala garaipena eskuratzea. Alde tekniko-taktikoagaz batera, Athleticeko jokalariek historikoki lehoien ezaugarri izan dan grina atara behar dabe.
Athleticek gol gitxi sartu dauz orain arte, aukera ugari sortu arren. Taldeko goleatzailerik onenak hondino ez dau bere maila agertu denporaldi honetan, eta, jakina, taldeak igarri egiten dau. Joko sistemen gainetik, Fernando Llorenteren bolada txarra amaitzea ezinbestekoa da partiduak irabazten hasteko. Fernando behar zaitugu!