Zozoak, izurdeak, erleak
ZURE begien forma egiten dute larrazken orotan gure parajeetan. Hodei beltzak osatzen dituzte arratsaldeetan, zerutik eraso kontrolatuan zuhaitzetara amildu baino lehenago. Zozoak dira, araba-zozoak besteentzat.
Ikusgarriak dira bular aldean dituzten luma txikien kolore suabea. Hurbilduz gero begiak zabal-zabalik izaten dituzte, eta ez dira begi zeiharrak, ez.
Estonaturik lotu nintzen aurreko batean leitzean AEBtan horrelako milaka hilik agertu zirela egun batetik bestera, eta arrazoia ezagutzeke bazegoela. Harrituta ere, egunkarietan agertzen karretera hura hildako txoriz josita ikustean. Penatuta, ekintza edota heriotza kolektibo hori beste askotan eta munduaren edozein bazterretan agitzen dela sarritan.
Ekaitzen beldur ote dira txoriok? Batzuek hala diote. Eta arrainak? Tsunamien beldur, uholdeen beldur? Arkansas eskualdean ehun mila arrain agertu ziren hilik duela aste batzuk eta oraindik ez da kontua argitu.
Eta ez dira animalia hauek soilik. Kilkerrak, karramarroak, kurriloak, beleak, zikoinak, putreak, pelikanoak, saguzarrak, otarrainskak? apokalipsi itzelean hiltzen dira.
Burua pisugabekoa duten ba-tzuek munduaren amaieraren aurrean gaudela diote, eta arrazoi erlijiosoak edota paranormalak topatzeari ekin diote.
Nik ez dakit zergatik gertatzen diren horrelakoak, baina lur maiteari etekina ateratzeko gizakiak duen jarduteko moldean arakatuko nuke nik. Zerikusi zuena duguna, argi dago.
Gaztetan sekulako atsekabea hartzen nuen, telebistan, urruneko hondartza batean dozenaka izurde edota balea txiki hondoak jota agertzen zirenean. Irudietan, jendeak bustitzen zituen animalia gizajoon azal lehortua azken hatsa botatzen zuten bitartean.
Orain gauza bera sentitzen dut panorama honen aurrean. Hau da agerian dagoena, baina zenbat triskantza gertatuko da espazio mikroskopikoagoetan? Erleak ere desagertzekotan omen daude.