GAURKOA ez doa animaliez, nahiz eta agertuko den bat baino gehiago.
Lehena, tximeleta. Izen horrexekin ezagutzen zituzten Errepublika Dominikarrean Mirabal ahizpak, horixe baitzen Minerva Mirabalek, ahizpetako zaharrenak klandestinitatean zerabilen goitizena. Ez ziren agian diktadorearen aurka matxinatu zirenen artean gogo-tsuenak izango, baina emakumeak ziren, itxura onekoak agidanez. Etxean bahitu zituzten paramilitarrek, bide bazter baten bortxatu eta azkenik, beharrik ez bazen ere, hilzorian utzitako gazteak akabatu egin zituzten. Disidente eta emakumeak zirelako. Azaroaren 25ean izan zen, 1960. urtean.
Aurten ere, puntu handi bat jarri dugu leihoan gaur goizean. Aste osoa iraungo du bertan, kanpotik ongi ikusteko moduan. Puntua morea da, fondo zuriaren gainean nabarmen ageri dena. Ikusgarria da. Udaletxean igualtsua dago, geurea baino handiagoa, eta beste hainbat eraikin ofizialetan ere ikusi ditut. Emakumeen kontrako indarkeriaz ohartu garela, eta kontra gaudela aditzera eman nahi du puntu horrek. Tokatzen da: azaroak 25 baita datorren osteguna.
Jarri edo ez jarri, dudan ibili gara aurten. Sinboloak beharrezkoak dira, baina nekatu egiten da bat esparru sinboliko hutsean ibiltzeaz. Funtsezko arazoari helduko al dio norbaitek, galdetu du adiskide batek, beste urte batez berriro puntua jarri behar ez dezagun halako baten?
Ingelesez badago egoera hauetarako oso balekoa den esaera: "The elephant is in the room" esaten dute gisa honetako jarrerak, itsutasun partzial mota hau, izendatzeko. Bigarren animalia, hauxe. Edozein bazterretatik erraz ikus daiteke, baina bitxia da gero: ez ikusiarena egiten diogu. Eta sakoneko arazo horiek bertan ez baleude bezala jokatzen dugu, funtsezko arazoetan eskuak sartu gabe, adarretatik tira eginez sustrai sakonak dituen gaitz honen zuhaitza erausteko moduan gaudela sinetsita edo.
Salatzeko kanpainak beharrezkoak dira, basakeriaren aurrean gaitzespenak eta haserrea agertze guztiak ere bai. Nahitaezkoa den sakoneko arrazoietan, ordea, noiz sartuko gara?