Erridikuluak
ASpaldikO kanta zaharrak en-tzunez egin dugu etxera buelta autoan. Bakarren batzuk ezagun egiten zaizkie txikiei, hamaika aldiz entzunak dituztelako. Gaur, ordea, letrari erreparatu diote, eta galdera-andana jaulki dute, ulertu guran edo. Hitz-jokoen berri eskatu didate, eta benetan zaila, ia ezinezko, gertatu egin zait.
"Bihar, gaur baino gazteago izango naizenean", dio Sabinak kanta horietako baten, eta alabek hori ezinezkoa dela argudiatu dute, zuzen eta artez. "Buruan orlegi, bihotzean sua" aldarrikatuz irten da geroago Benito, eta atzealdetik barre egin didate, inoiz horrelakorik ikusi ote dudan galdetu dutelako eta neuk, enegarrenez, ezetz esan diet. "Erantzuna haizean dabilela" kantatu du Dylan zaharrak eta egia esatea nahi baduzue, hortxe geratu naiz, kieto eta mutu, zer gehiago esan ez dakidala.
Nola azaldu hitzen esangura zehatz eta objektibotik harago doan beste zentzu hori, nork bere buruan harilkatu egiten duena berben segida propioa osatzeko? Hitzez hitzezko zentzua garran-tzitsua da, jakina, baina bada hi-tzek bere horretan adierazten ez duten beste zerbait, ulertzen ikasi behar dena.
Fernando Pessoak zioen amodio gutun guziak direla erridikuluak, ez liratekeelako amodio gutunak ez balira erridikuluak. Bada, beste horrenbeste gertatzen da sarritan abesti eta bestelako gertaerekin. Jasotzaileak baino ez ditu aparteko egiten dituzten zentzuez betetzen, eta besteontzat halako lotsa, halako dena-delako zerbait baino ez dute eragiten. Emozionatzen gaituzten gauzak, funtsean, kurtsi samarrak dira.
Denborarekin ikasiko dutela esan dit literatura irakaslea den adiskide batek. Irakurtzean, musika entzutean, lagunekin hartu-emanak sendotzean, (bestela esanda, bizitza deitu ohi dugun bide luze eta malkartsuan aurrera egitean) ohartuko omen dira hitzek ezkutatzen duten altxorraz. Eta halako baten, Pessoak berak bezalaxe, aitortu egingo diote elkarri: finean, amodio gutunik sekula idatzi ez duten kreaturak soilik dira benetan erridikuluak.