Síguenos en redes sociales:

Cartas al director

Euskararen prestigioa

Oso-oso gogoan edukita 1200. urtearen inguruan jadanik, Gaztela hasi zela konkistatzen Euskal Herriko lurralderen bat, XVI. mendean jarraitu zuela konkistatzen, eta, Iparraldea ere, azkenean, XVII. mendean, beste armada batzuek antzeko eran konkistatu zutela, esan liteke, Euskal Herrian, gaur egun ere ez gaudela txantxetan eta berriketan ibiltzeko moduan, euskarari dagokionez. 

XX. mendera iritsita, hor pairatu genituen, besteak beste, Francoren estatu kolpe faxista, ia-ia 40 urteko frankismo anker osoa, Frantziako eta Espainiako konstituzio kaltegarriak eta abar, eta abar. Puntu honetara iritsita, ez naiz hasiko hemen errepikatzen, gaur egungo egoeran, euskarak pairatzen dituen oldarraldi, eraso, zapalketa eta kultur genozidio guztiak. Honekin guztiarekin gogorarazi nahi dudana zera da, euskara gaietan adituak diren pertsona guztiek esaten dutela, gure hizkuntzari egundoko bultzada eman behar zaiola fronte, esparru eta alor guztietan, alegia, ezin garela gelditu lo, “Esnatu ala hil” liburu argitaratu berriak dioen bezala. 

Azpimarratu dudan bezalaxe, ahalegin hagitz handi hori, toki eta arlo guztietan egin beharko genuke, eta, baita eremu politikoetan ere, baina inpresioa dut, gure politikari euskaldunak (euskaradunak) ez ote diren gutxi samar egiten ari beren tokietan, euskarari prestigio handia emateko, hau da, esate baterako, Madrilgo Senatuan eta Kongresuan, (Parisen, egia esateko, ez dakit ongi zer gertatzen den), Nafarroako Parlamentuan, Gasteizko Legebiltzarrean, hiri eta herri askotako udaletan eta abarrean, askotan ikusten baititut euskal politikariak erdaraz hitz egiten, baliabide tekniko guztiak prest dituztenean euskaraz erabiltzeko inolako arazorik gabe, eta, nik ezin dut ulertu zergatik jokatzen duten era horretan, beren helburua benetan baldin bada euskarari pizkunde berri bat eta prestigio on bat ematea. 

Agian nire pertzepzio okerra izanen al da huts egiten duena? Nahiago nuke hala balitz, baina ez dakit, ez dakit.